Etxetik eta ingurukoengandik urruti, «Australiako ohiturak eta paisaia» ezagutzeko aukera izan du: «jendea oso atsegina da eta bisitatutako txokoak miresgarriak izan dira, Koral Hesi Handia, adibidez». Bizimodu «lasaia» izan du egonaldian: «Noosan egon naiz eta ikasketak eta lana uztartzeaz gain, lagunekin Parke Nazionalera edo hondartzara joateko aukera izan dut».
Ustekabeko itzulera
Esperientzia «izugarria» baina aurreikusi baino laburragoa izan da: «Australian maiatzaren 10era arte gelditzekoa nintzen eta ondotik Balin 17 egun pasatzeko asmoa nuen. Denpasarretik Madrilera hegaldia maiatzaren 28an hartua nuen». Azkenean, martxoaren 20an bueltatzea erabaki zuen: «ama eta bere bi lagun martxoaren 25era arte etorriak ziren bisitan. Martxoaren 15ean elkartu ginen Australia iparraldera elkarrekin joateko».
Hasierako «lasaitasuna» berehala bukatu zitzaien: «bi egunetara» deiak jasotzen hasi ginen eta berrietan mugak itxiko zituztela irakurtzean mugitzen hasi ginen ama eta bi lagunak etxera bueltatu ahal izateko». Beranduago hartu zuen abenturaren maleta ixteko erabakia Elena Zabalak. Australian egoera hobea izan arren, «ordu batetik bertzera informazioa aldatzen ari zen eta akademia akitua nuenez, bidaiatzeko momentua zen…».
«Esperientzia izugarria izan da. Lehendik ere bueltatzeko aukera burutan nuen arren, orain argi dakit itzuliko naizela»
Zeelanda Berrira joatekoa zen: «bidaia bertan behera gelditu zitzaidanean batetik bertzera ibiltzerik ez nuela izanen ikusi nuen eta bueltatzeko aukera aztertzen hasi nintzen…». Lana ere ez zuen lagun: «jatetxe batean negoen lanean, birusa hedatu eta turismoak behera egiten bazuen lanik gabe gelditu izanen nintzen… Australia lanik egin gabe bizitzeko herrialde garestia da». Hori guztia buruan, gauetik goizera erabaki zuen etxera itzultzea.
Martxoaren 20an, abiatu ziren egun berean, «mugak itxi zituzten» eta «hiru egunen buruan, jatetxeak, ostatuak, dendak…». Momentu honetan «konfinamendurik gabe, bizimodu normala» egiten ari diren arren, Zabala ez da hartutako erabakiaz damutu.
Herrian, etxean
Ailegatu eta «herria hutsik ikusteak inpresio handia» eragin ziola aitortu du: «bortz hilabeteren ondotik bueltatzeak eta lagunekin eta familiakoekin egon ezin izateak pena ematen dit». Ez du espero zuen ongietorria jaso baina «entzuten dena entzunda, kontent nago etxean».
Lehendabiziko egunak «maletak husten» pasatu zituen. Orain, berriz, «egunerokoan marrazten, lagunekin bideo-dei bidez solasean, kirola egiten, bizilagunekin bingoan…» pasatzen ditu orduak. Gustuko izan zein ez, argi du hori dela bidea: «garrantzitsuena etxean gelditzea da ahalik eta agudoen egoerari aurre egiteko».
Zapore gazi-gozoa
Herrira bueltatzeak «zapore gazi-gozoa» utzi dio Elena Zabalari: «egun batetik bertzera bueltatu nintzen, maleta egin eta inor agurtu gabe hegaldia hartu nuen». Lehendik ere bueltatzeko aukera «burutan» zuen baina orain argi du: «bueltatuko naiz».