COVID-19: Elkarrizketak

«Ongi nagoen arren, etxean isolatuta egon beharko dut koronabirusean negatibo eman arte»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 13a, 17:25

Eskualdeko herritar batek positibo eman du koronabirusean.

Malerrekako gazte batek positibo eman du koronabirusean. Magisteritza ikaslea da Gasteizen eta kontatu digunez «bertako ikastetxe batean praktiketan» zebilela ikastetxean kasu bat baieztatu zuten: «nire tutoreak koronabirusean positibo eman zuenez, irakasleoi probak egiteko eskatu ziguten».

«Katarroa» horixe da berak proba egin aitzinetik sumatzen zuen sintoma bakarra. Joan den asteartean, martxoaren 3an, sumatu zituen lehendabiziko zantzuak eta martxoaren 11n, asteazkenean, egin zizkioten probak: «bitarte horretan klaseetara normaltasunez joan ginen».

Gasteizen, etxean eta isolatuta, egon beharko du «negatibo eman arte». Adierazi duenez, «sukarrik ez» du eta «nekatuta» sentitu arren, «ongi» dagoela gaineratu du. 48 ordutara probak egitekoak zizkioten, eta beraz, gaur jakinarazi beharko liokete. Dena den, Gasteizen «osasun zerbitzuak gainezka» daudenez kontua luzatuko delako susmoa du: «dagoen bezala egonda, gaur egiteko esperantzarik ez dugu». Pisukide batekin dago pisuan eta bera ere «probak egiteko esperoan» dago: «irakasle gehiagok ere positibo eman du...».

«Kontzientziazioa» eskatuz

Sintoma gutxi baina kontzientzia bizi du eta horixe da herritarrei helarazi nahi izan dien mezua: «handiena ailegatu gabe dago eta hori pasatu arte etxean gelditu eta ahalik eta hartu-eman gutxiena izan gainerakoekin».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun