«Txapelketek motibazioz betetzen naute»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 7a, 10:00
Alazne Untxalo iturendar bertsolaria.

Alazne UNTXALO ERREGERENA Iturengo gaztea

Nor da Alazne Untxalo?
Bertsoak, panderoa eta eskulanak zaletasun dituen emakumea.   

Bertsotarako afizioa nondik heldu zaizu?
Etxetik, amatxik bertso zaharrak kantatzen zizkidan eta aitarekin bertso saioetara joaten nintzen.

Noiz hasi zinen bertso eskolan?
Iturenen bertso eskola sortu zenean hamabi urte inguru izanen nituen. Jende aitzinean lehenbizikoz, Lekarozko institutuan kantatu nuen. Iker Gorosterrazu bertan zen eta lau oinak emanda aritu ginen.

Zertan aldatu zaizkizu jendaurreko sentsazioak ordutik?
Sentsazioak aldatu diren arren, ia beti izaten dut tentsio puntu bat, eguna eta saioaren arabera aldartea ezberdina da eta. 

Azken aldian Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketan zabiltzate...
Lehenbiziko edizioan parte hartu nuen eta egia erran esperientzia bikaina izan zen. Aurten parte hartzen dudan laugarren aldia da.

Zer du Bardoakek bereizgarri?
Taldean izaki oholtzan eta oholtzatik kanpo babestuago sentitzen naiz.

Taldekideen harremana nolakoa da?
Bi urtero antzeko taldea elkartu gara, kantuan normalki Amaia Elizagoien, Iker eta Egoitz Gorosterrazu eta ni aritzen gara eta bertso-eskolan dauden edo ibili ziren lagunek betetzen dituzte antolatzaile lanak. Primeran pasatzen dugu.

Martxoan finalaurrekoa jokatuko duzue Goizuetan... Zer espero duzue?
Bigarren fasera  pasa gara eta konten gaude.

Zer eman dizu bertsolaritzak? 
Bertsolaritzak lagun aunitz eman dizkit, momentu polit ugari. Bertsotan eta bertsoarekin gozatu egiten dut, baino orduak eskaini behar zaizkio. Astero pare bat egunez joaten naiz bertso-eskolara.

Bertsolari bat?
Kantaera, ikuskera, freskura eta sensibilitatearen arabera...

Txapelketak edo plazak dituzu nahiago?
Itxuraz bakarkako txapelketak galtzaile aunitz eta irabazle bakarra duen arren, motibazioz betetzen nau, lantzeko eta fintzeko balio du.Txapelketa ez da saio bat, hori prestatzeko egin duzun bidea ere bada. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun