Larunbatean ospatuko dituzte Ezkurrako inauteriak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 5a, 08:30

Joan den urteko inauterietan kolore askotako mozorroekin agertu ziren ezkurrarrak.

Goizez eta arratsaldez eskean ibiliko dira, arratsaldean haurrendako tailerra ere izanen da eta gauez bertso afaria

Herri gehienetan inauteri giroa apaldu edo itzalia denean, ezkurrarrek hartuko dute mozorro bestaren lekukoa. Larunbat honetan, martxoak 7, ospatuko dituzte eta inauterien aitzakian egun osoko festa prestatu dute.

Larunbatean 10:00etan egin dute hitzordua, frontoian. Mozorroak soinean etxez etxe eskean ibiliko dira Oihana eta Irati trikitilarien doinuek lagunduta. Goiza harat eta honat ibili ondotik, 17:00etan berriz elkartuko dira baserrietan segituko dute eskean. Ez da eguneko hitzordu bakarra izanen. Izan ere, ordu berean, 3 eta 12 urte bitarteko haurrek Berdintasunari kolorez kanta ipuin-kontaketa eta tailerra izanen dituzte ludotekan, igandean ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Egunaren atariko. Egunarekin bat eginez, Malerrekan errespetuzko harremanak dioen lona ere paratuko du udaletxean.

Gauez Barranka jatetxean bilduko dira eta triki-bertso afaria eginen dute Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia bertsolariekin eta Oihana eta Irati trikitilariekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun