Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikapenez bizitzeko hainbat ekimen izanen dira aste honetan Malerrekan. Ortziralean, martxoak 6, 18:00etan zineman, Firin Farandula antzerki tailerraren eskutik bakarrizketak izanen dituzte Donezteben. 19:30ean, berriz, Itziar Muñoz elizondoarrak gogoeta-bizipena-solasaldia eskainiko du liburutegian: Emakume arrunta, zazpi hilabetez, bizikletaz, Hego Ameriketan zehar.
Martxoak 7
- Ezkurran Berdintasunari kolorez kanta tailerra eginen dute, 3 eta12 urte bitartekoentzat, 17:00etan ludotekan.
- Beintza-Labaiengo eskolan Volar filma eskainiko dute, larunbatean 18:00etan.
- Iturenen Emakumeen afaria eginen dute.
Martxoaren 8an eskualdeko manifestazioa, igandean 17:00etan Donezteben
Igandean, berriz, eskualdeko indar feministek elkarlanean antolatuta, Donezteben Poteo feminista eginen dute 11:30ean eliz ataritik abiatuta; 14:30ean, bazkari autogestionatuta eta 17:00etan, manifestazioa antolatu dituzte eta ondotik, Bortzirietako Bertso Eskolako neskak ariko dira. Eguna borobiltzeko, 19:00etan zineman, Libre zu libre ni musikalaz gozatzeko aukera izanen da. Musas y fusas taldearen emanaldi horretan jazarpen matxistaren kontrako identifikazioa eta ikusgarritasuna agerian geldituko da. Gisa berean, izurrite hori gainditzeko tresnak landuko dituzte, guztia musikaren bitartez. Emanaldia euskaraz eta debalde izanen da.
Doneztebeko Liburutegia ere martxoaren 8arekin bat
Liburutegiak emakumeen txokoa martxan jarri du eta bertan feminismoaren eta emakumeen inguruko liburuak aurkitzen ahal diren. Hondarreko urteotan inbertsio handia egin da gai honen inguruan. Martxoan 100 bat libururekin osatutako erakusleiho polita ikusgai izanen da.