Gatazkarik gabeko teknologien gaia landu dute Doneztebeko Mendaur Institutuan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 3a, 13:00

Gaia borobiltzeko, Kongoko Errepublika Demokratikoko Justine Malikak solasaldia eskaini zuen

Ikasturte honetako bigarren ebaluazioan, Doneztebeko Mendaur institutuan, 2., 3. eta 4. DBHko Balio Etikoak ikasgaian Gatazkarik gabeko teknologiak gaia landu dute. Horretarako, Alboan fundazioak sortutako zenbait material eta ikastetxeak proposatutako bertze batzuk erabili dituzte. Horren harira, Justine Malikaren hitzaldia izan zuten, gaia nolabait ixteko.

Gai horrekin, ikasleak sentsibilizatu nahi izan dituzte zenbait teknologia berri (telefono mugikorrak, tabletak ordenagailuak eta bertzelako gailu elektronikoak) erabiltzeak dakartzan albo ondorioei buruz. Izan ere, horrelako gailuak sortzeak ondorio larriak ditu munduko zenbait lekutako biztanleentzat nahiz ingurumenerako.

Hasteko, Alboanek sortutako bideoa bat ikusi zuten, Zure mugikorrak ezkutatzen duena izenekoa.  Hor, batez ere, Kongoko Errepublika Demokratikoan gailu elektronikoetarako koltan minerala erauztean eragindako kalte lazgarriak aipatzen dira. Horrez gain, horren aitzinetik, sarrera gisa Chromebookak erabiliz aztertu dute Koltana zer den eta Kongoko Errepublika Demokratikoa non dagoen eta zer egoeratan dagoen.

Alboanek eskuragarri duen materialetik ere Walikale video-jokoan aritu dira. Bideo-joko horren pausoak betez eta haren mailetan aitzinera eginez, jakin dute gailu elektronikoak, gure eskura ailegatu baino lehen, zer bertze herrialdetatik pasatu diren eta han zer-nolako ondorioak sortu dituzten (gerrak, lekualdatzeak, emakumeen bortxaketak, baliabideak kontrolik gabe ustiatzea, lan-baldintza-kaxkarrak…). Mapamundi bat banatu zaie ukitutako herrialde horiek koka ditzaten.

Hondatu edo zaharkitu eta gero gailu elektroniko horiekin batzuetan zer gertatzen den ere ikusi dugu Vertedero elektronico izeneko bideoan. Ghanan dago munduko zabortegi elektronikorik  handiena, erabat kontrolik gabea, eta hark ekartzen dituen ondorioak ikusi ahal izan dituzten ikasleek.

Gero, El diario de Laura filma ikusi dute ikasgelan. Han, arras garbi ikusten da koltan minerala erauzten den eremu aunitzetan zer-nolako egoeran lazgarriak sortzen diren (ia esklaboak diren langileak, gatazka armatuak, haur soldaduak, lekualdatzeak, milaka hilketa eta bortxaketak…).

Informazio horrekin guztiarekin eta 3. eta 4. mailako ikasleekin batera, horma-irudi erraldoi bat kokatu dute ikastetxeko sarreran gaian ikasitako guzia gainerako ikaskideei jakinarazteko. Horma-irudi horrekin eman zioten ongietorria ikastetxera Justine Malikari.

 

Justine Malikaren solasaldia

Justine Malikak, Kongoko Errepublika Demokratikorik etorritako emakumeak, hitzaldia eman die 2., 3. eta 4. mailako ikasleei. Hark lehen eskutik eman zuen bere herrialdearen egoerari buruzko informazioa.

Azken emaitza gisa, bertzeak bertze, 2. mailakoek, taldetan, Doneztebeko Udalari, Malerrekako Mankomunitateari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskutitz bana idatzi diote. Han azaldu dizkiete gailu elektronikoak erostean sortzen ahal diren albo kalte horiek, eta proposatzen diete horrelako gailuak erostean kontuan har dezaten zer enpresari erosten zaizkion; izan ere, enpresa batzuek kontuan hartzen dute beren gailuak egiteko prozesuan giza eskubideak errespetatzen direla eta ez dira, adibidez, erosten gaztaka-eremuetako mineralak.

Segidan, 2. mailako Ilargi Martinez Leizak egindako dokumentua.

 

JUSTINE MALIKA

Justine Malika Kongoko neska bat da. Herrialde honetara etorri da berak bere herrian dagoen minataz solastera.  Eskola honetara pertsona hori etorri da gatazkarik gabeko teknologia behar dugulako. Justinek harrera etxe bat du kongon eta han bortxatuak dauden emakumeak joaten dira. Andre honek bi eguneko bidaia egin du honata etortzeko eta orain berriz joan behar da bere lanera. Honara etorri da bakarrik txarla ematera eta orain badoa berriro.  Pertsona honek kontatu digu bera ez dutela bortxatu baina bere familiako bat seguraski baietz. Berak esan duen bezala milaka eta milaka pertsona hiltzen dira guk mobila lortzeko. Berak ere erran digu badagoela mobila mota bat koltana gabekoa eta erosten ahal dugula Kongoko pertsonek hainbeste ez sufritzeko. Pertsona hau oso inportantea da zergatik segur aski berak bere burua arriskuan jartzen du beste jendeari laguntzeko. Berak esan zigunez, txarla horretan egun batean bere herrialdean neska bat bortxatu nahi zutela, baina nola adin txikikoa zenez ezin zituen bortxatu, eta ordun esan zuten beraiek esaten zutena egin behar zutela eta neskak erran zion ezetz eta ordun bere ama eta familia hartu eta atxilotu zituztela. Bera Justine, Rebeldeekin solastera joan zen eta oso ikaratua zegoen, baina azkenean beraiekin solastu eta gero lortu zituela ateratzera. Kongon zer  gertatzen den penagarria da guk mobila bat izateko hilabetero zenbat pertsonak hil behar duten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun