Malerreka eta Bertizaranako gurasoak Osasun Kontseilariarekin bilduko dira gaur goizean

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 24a, 09:15

Doneztebeko Osasun Zentroan 11:30ean egina dute hitzordua eta aitzinetik, 10:15ean, elkarretaratzea deitu dute gurasoek pediatria zerbitzuaren inguruan «gure ezinegoa adierazteko». Gogoratu Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten 15 herrietan 2019ko azarotik pediatrarik gabe daudela eta hori salatzeko 500 bat sinadura ere bildu dituztela.

Santos Indurain Orduna Nafarroako Osasun Kontseilaria Malerreka eta Bertizaranako gurasoekin bilduko da gaur, Osasun Zentroan. Gurasoek, ordea, «ezinegona» adierazi nahi diote eta horretarako egin dute kontzentrazioa egiteko deialdia, bide batez, «komunikabideetan ahotsa izateko; komunikabideetan agertzea baita min gehien ematen diena». Aldarrikapen kartela eskuan haurrekin joateko mezua zabaldu dute.

Bildutako sinadurak Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentura bidali zituzten gurasoek, Malerreka eta Bertizaranako haurrendako pediatria zerbitzua bermatzeko eskatzearekin batera. Duela bi bat aste Osasun Departamentutik kaltetutakoekin biltzeko asmoa zuela jakinarazi zieten eta Doneztebeko Osasun Zentrora bisita egiteko asmoa adierazi zuten. Horren ondotik dator gaurko bilkura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun