«Hamar urte baino gehiago dira ez dudala jokatzen Artalekun eta oso berezia izanen da»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 20a, 15:00
Argazkia: Priot Augustiniak/EFE. Berria

Bidasoak Poloniako Wisla Plock taldearen aurka jokatuko du larunbatean Txapeldunen Ligako kanporaketako partida. Berezia izanen da partida eskualdeko eskubaloi zaleentzat. Poloniako taldean ari da Niko Mindegia doneztebarra eta etxetik hurbil jokatzeko aukera eman dio hitzorduak. 

BERRIA egunkarian atzo, otsailaren 19an, argitaratu zuten Niko Mindegiari egindako elkarrizketa. Bere ibilbideari errepaso bat egin ondotik, larunbateko partida izan zuten hizpide. Kanporaketa berezia izanen dela azpimarratu zuen doneztebarrak: «etxetik hogei minutu eskasera jokatuko dugu, eta herriko jende anitz joanen da Artalekura. Eta duela hamar urte baino gehiago dira ez dudala jokatzen Artalekun, Anaitasunan nintzenetik, eta Bidasoa Ohorezko B Mailan». Bidasoa taldearekin lotura berezia duela azaldu dio egunkariari Mindegiak: «aita Bidasoako bazkidea da, baita hainbat lagun ere; laguna dut Gurutz Aginagalde, Bidasoako presidentea, eta elkarrekin jokatutakoak gara, Logroñon; lagun handia dut Crowley ere [Bidasoako jokalaria], elkarrekin aritu baikinen San Antonion...». Horregatik, aitortu du galtzeak ere ez liokela hain aho-zapore mingotsa utziko: «sailkatzen bagara, poztu eginen naiz, eta Bidasoa sailkatzen bada, haserre egonen naiz, baina baita pixka bat kontent ere».

Erreka eskubaloi taldeko izarra etxetik hurbil jokatzen ikusteko aukerak mugiarazi ditu doneztebarrak eta sarrera dezente eskatu omen dituzte. Noren alde egonen diren, ordea, ez du oso argi Mindegiak: «oso eskubaloizaleak ez direnak, nire alde egongo dira, baina eskubaloizaleak direnek Bidasoa sailkatzea nahiko dute. Aita bera ez dakit noren alde egongo den».

Kanporaketa irekia dagoela ere erran du, «edozer gerta daiteke». Bidasoaren dohaiak nabarmendu ditu, «talde arrunt sendoa eta landua da, eta ia ez du hutsik egiten. Arrunt zaila izango da hura mendean hartzea». Gainera, euren taldea ez dago momentu onenean, «lesio asko izan baititugu, eta kostatzen ari baitzaigu erritmoa hartzea. Guk barruan dugun guztia emanen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun