«Emandako pausoaz eta gizonezkoek egindako harreraz harro nago»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 20a, 09:30
Aurten, lehendabizikoz, Sunbillako inauterietan emakumezkoak ere eskean ibili dira. Tartean izan da Nagore Madariaga herritarra.

Nagore MADARIAGA IRIARTE Sunbillako gaztea

Abokatutza ikasketak akitu zituenetik, astegunez «gestoria batean» eta asteburuetan, tarteka, Dantxarineko benta batean» lan egiten du Nagore Madariagak (Sunbilla, 1995).

Lanetik ateratzen denean, «kirola egiteko eta familiarekin edo lagunekin egoteko» denbora hartzen du. Momentuak batzuetan, egunak bertzeetan: «bidaiatzea ere gustuko dut. Hain handia da mundua eta hainbertze dago ikusteko! Bizi gabeko esperientzia bereziez gozatzea ederra da».

Esperientzien motxila betetzeko, ordea, ez da beti urruti joan beharrik. Berriki, inauterietan, egundaino egin ez dutena egiteko aukera izan du: «emakumezkoak aurten eskean atera gara lehendabizikoz. Orain artean ez ginen ateratzen…».

Ez da di-da hartutako erabakia izan: «gure artean urtero nolabaiteko eztabaida izaten genuen... denbora pasatu ahala atzenduz joan ginen, emakumezkoen afariarekin ordezkatuz… baina probatzeko gogoa bagenuen. Beti kikildu egiten ginen deus errateko...». Galdetzeak baino kezka handiagoa eragiten zien erantzuna aditzeak: «herritar batzuk eskean ateratzearen kontra egonen zirela uste genuen… Tradizioa mantendu beharraren aitzakia aterata…».

Babes handia

Usteak ustel izan omen dira: «aipatu genien momentutik, mutilek hagitz ongi hartu zuten eta aunitz lagundu ziguten». Horri esker, eroso ibili omen dira: «bizi guzia eskean ibili izan bagina bezala». Taldean ez ezik, herrian ere jaso dute babesa: «hainbat etxetan zoriondu egin gintuzten. Etxe batean emakumezko batek beti inauterietako eskean atera nahi izanagatik ezin izan zuela kontatu zigun. Orain behintzat bere bilobak atera ahal izanen direla…». Aukera izatea ez da gutxi eta aukerak izateko ateak ireki dituzte aurten. Ez dute aisa ahantziko eman duten pausoa: «inauteriez oroitzean egindakoaz eta mutilek eskainitako harreraz harro sentituko naiz».

Kuadrilla eta adin anitzetako «hamaika neska» izan dira aurten parte hartu dutenak. Ez dira mutilak adina izan, baina lehendabiziko urtea izateko «kuadrilla ederra» bildu da. Ikusiak ikusi, inauterietan ere berdintasuna lortzeko, eta «parekatzeko» itxaropentsu dago Nagore Madariaga: «urte batzuen buruan, sunbildar neska eta mutilak 16 urte betetzean denak elkarrekin eskean ateratzen segitzea espero dut».

Esperientzia «ezin hobea»

Horretara animatu nahi izan ditu, ez delako aski pauso bat ematea: «herriko bestak edo bertze edozein ekintza baina aunitzez ere bereziagoa dela erranen nuke… akordeoilariarekin etxez etxe eta baserriz baserri ibiltzea hagitz polita izan da. Sunbillan barrena kantuan eta dantzan ibili gara, etxeko bizilagunak jateko eta edateko zerbait ateratzen ziguten bitartean. Esperientzia ezin hobea izan da niretzat».

Inauteriak ez dira etxez etxeko buelta bakarrik eta hori ere argitu du: «herritarren artean sortzen den giroa, emakumeen afaria, desfilea… bakarrak dira eta ez dago parekorik». Bereziki karrozen desfilean «dena ongi ateratzeko herritarrek lan handia» egiten dutela gaineratu du: «hori guztia herritarren eskuzabaltasunari esker lortzen da eta parte-hartzaileen zein ikusleen gozamenean islatzen da».   

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun