Mozorroek hartu dituzte Beintza-Labaiengo karrikak asteburuan

Arantxa Iturralde 2020ko ots. 17a, 07:00

Inauteriak urteroko hitzordua bihurtu dira. Aurten, otsailak 14 eta 15eko asteburuan, Beintza-Labaienen ospatzeko aukera izan dute. Mozorroek hartu dituzte herriko karrikak. Argazkiak: Arantxa Iturralde eta Izaskun Bertiz.

Ostiraleko afaria eta gero, larunbatean, urtero egin ohi den moduan, goizetik puska biltzea egin zen arizkundar den Mirianen akordeoiarekin girotuz. Ittur-ondo elkartean bazkadu ondotik, ibilbidearekin jarraitu zuten mozorrotuak. Gauean, berriz, afaria, Modestok girotu zuen.

Haur eta gaztetxoak ere aukera izan zuten euren mozorro festa ospatzeko eta Beintza-Labaiengo ostatuan bazkaldu zuten, eta ondoren txokolatea hartzeko aukera izan zuten. Festaz gozatzea,  festaren parte izanda, inauterietako helburu naguisenetako bat da eta halaxe egiten dute haur, gazte eta helduek.

Inauterien historia

Labaingo historian zehar atzera eginik, 1936. urterarte, herrian ospatzen ziren inauteriak bestelakoak ziren.  Larunbat gauean hasi eta asteartearekin amaitzen ziren, igandea izaten zelarik “iñote eguna”. Egun honetan ardikia bazkaldu ondoren, akordeoiarekin dantza izaten zen eta ondoren gazte batzuk emakumez mozorrotzen ziren, aurpegia zapi batez edo maskara batez estaliz eta eskuan erratza zeramatelarik. Pertsonaia hauei “zarpak” deitzen zitzaien. Eliz atarira joaten ziren eta “bezperetatik” ateratzen ziren neskatxa, gazte eta emakumeei erratzarekin jotzen zieten.

Astelehenean eta asteartean, berriz, 08:00ak aldean, ostatuan gosaldu ondoren, Eguberrietan aukeratutako bi gazte prestatzen ziren puskak biltzeko herrian. Honakoa izaten zen janzkera: “ttuntturroa” izeneko kono formako txanoa paratzen zuten gainekaldean koloredun hainbat zintekin apaindua, gona gorria, atorra eta galtza arruntak. Gerrian bi “joare handi” soka batez loturik, alpargatak edo espartzinak, eta ardi ilez egindako zapinak.

Joareak  astintzen zituzten bitartean  bi gazte hauek, zare bana ematen zuten, bertan etxez etxe jasotako urdai, xolomo, arraultz eta ziztorrak sartzen zituztelarik. Bazkal ondoren, plazan dantza izaten zen “ilun ezkilak” jo arte. Inauteri ospakizun hauek 1.936ko gerra zela eta, egiteari utzi zioten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun