Justin Masikaren bisita izanen dute otsailaren 17an Doneztebeko Mendaur institutuan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 15a, 11:00

Gure sakelako telefonoak eta tabletak egiteko Kongon erauzten den koltanak sortzen dituen ondorio larriak izanen ditu hizpide Justine Masikak.

Kongoko meategietan erauzten den koltanaren inguruan sortzen diren ondorio larriak izanen ditu hizpide

 

Astelehen honetan, otsailak 17, Justin Masikaren bisita izanen dute Doneztebeko Mendaur Institutuan. Bigarren hiruhilekoan, Balio Etikoa ikasgaian Gatazkarik gabeko teknologia gaia lantzen ari dira. Kongoko Errepublika Demokratikoan dauden meategietan erauzten dira koltan minerala eta bertze mineral batzuk, gero sakelako telefonoak, ordenagailuak, tabletak eta abar egin ahal izateko.

Erauzketa ilegal eta inkontrolatuak ondorio arras larriak eragiten ditu hango biztanleentzat, gatazka armatuak eta bortizkeria handia sortzen du meategien kontrola hartu nahi dutenen aldetik, eta meategien inguruetan biztanle aunitz hil egin dira, errefuxiatu behar izan dute edo indarkeriaren ondorioak jasan dituzte.

Emakumeen kontrako indakeria bereziki basatia da, eta Justina Masikak indarkeria horren biktima diren emakumeei laguntzeko elkarte baten koordinatzailea da Synergie des femmes pour les victimes de violences sexuelles, eta indarkeria sexualen biktima diren emakumeentzako Bulengo harrera-etxeaaren arduraduna. 

Justine errealitate horri buruz solastuko da ikasleekin, ikastetxean lantzen ari diren gaiaren harira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun