Oizko inauteriak otsailaren 15ean ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 13a, 08:30
Giro ederra eta umorea izanen dute aurten ere Oizko inauterietan.

Larunbatean etxez etxe puska biltzen ibiliko dira Agerralde akordeoilariarekin

Inauterien aitzakian, aurten ere mozorroak jantzi eta bestarako prest dira oiztarrak. Otsailaren 15ean ospatuko dituzte, larunbatarekin, eta egun bakarra izanagatik, egun osoko egitaraua prestatuko dute.

Larunbatean 09:00etan elkartean gosaltzeko bilduko dira eta indarrak hartu ondotik, haurrak eta helduak elkarrekin etxez etxe puskak biltzen ibiliko dira. Agerralde donamariar akordeoilaria izanen dute etxez etxeko itzulian bidelagun. Goizeko harat-honaten ondotik, 14:00 aldera mahaiaren bueltan bilduko dira. Elkartean bazkalduko dute eta arratsaldean goizean gelditzen diren etxetara bisita eginen dute inauterizaleek.

Gauean, 21:00etan, berriz, afaltzeko elkartuko dira, aldi honetan Herriko Ostatuan. Nahi duenak izanen du afarira joateko aukera, baina aitzinetik ostatura deitu beharko du izena emateko. Afalondoan besta luzatu nahi duenak ez du aitzakiarik izanen, gorputza astindu bidenabar, Agerralderen doinuekin dantzarako aukera izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun