Otsailaren 14an eginen duten afariarekin hasiko dira inauteriak Beintza-Labaienen

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 13a, 06:30
Giro polita izanen dute aurten ere Beintza-Labaiengo inauterietan.

Larunbatean, berriz, puskak biltzen ibiliko dira, Labaienen goizez eta Beintzan arratsaldez

 

Bi egunez inauteri giroa nagusituko da Beintza-Labainenen. Otsailaren 14an eta 15ean ospatuko dituzte eta haur, gazte eta helduek izanen dute gozatzeko aukera.

Otsailaren 14an, ostiralean, Itur Ondo Elkartean eginen duten afariarekin hasiko da mozorro besta. Egun handiena, hala ere, larunbata izanen da. Gazteak mahaiaren bueltan gosaltzeko elkartuko dira Itur Ondo elkartean eta ondotik trikitixa doinuek lagunduta Labaienen ibiliko dira puskak biltzen. Elkartean bazkaldu ondotik, arratsaldez, Beintzan puska biltzen segituko dute. Arratsaldea etxez etxe eta baserriz baserri ibili ondotik, afaltzeko Itur Ondora joanen dira. Afalondoan Modestok alaituko du giroa.

Haur eta gurasoak, berriz, eguerdi aldera Beintzako frontoian elkartuko dira musika doinuek lagunduta eta ondotik Beintzako ostatuan bazkalduko dute. Arratsaldean txokolatada eginen dute eta nahi duenak etxez etxe gazteekin ibiltzeko aukera izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun