ARTXIBOTIK

Niko Mindegia eskubaloi jokalaria Errekako infantilekin jokoan duela hemeretzi urte

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 8a, 13:00

Mundu mailan eskubaloi jokalari ezaguna da gaur egun Niko Mindegia doneztebarra. Hainbat herrialdetako taldetan jokatu du, baita nazioarteko partidak ere Espainiako selekzioarekin. Gaur egun Poloniako Wisla Plock taldean ari da.

Hain zuzen, Mindegia berriz ere Bidasoaldean jokatzeko aukera ikusteko aukera izanen dugu. Txapeldunen ligan, Wisla Plock eta Irungo Bidasoaren arteko kanporaketa jokatuko da otsailean. Hilaren 22an Polonian (15:00) eta hilaren 29an Irunen (16:00) jokatuko dituzte partidak. Baina oraindik umea zela, duela hemeretzi urte Errekako infantilek eta Iruñeko Maristas taldekoek jokatutako partida batean ikusteko aukera duzue Ttipi-Ttapa Telebistaren bideo honetan. Ez Niko Mindegia bakarrik. Gaur egun Anaitasunan ari den Ibai Meoki eta erremontelari profesional izandako Julen San Miguel ere ageri dira jokoan eta Joxe Jabier Etxeberria III.a erremontelari ohia epaile lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun