Donamariako inauteriak larunbat honetan ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 6a, 08:30
Donamariako gazteak eskean ibiliko dira larunbatean. Argazkia 2015ekoa da.

Agerralde musikarien laguntzarekin etxez etxeko eskea eginen dute

Inguruko bertze herrietan bezala, donamariarrak ere prest dira mozorro bestarako. Larunbat honetan, otsailak 8, ospatuko dituzte inauteriak, joan den urtean bezala, besta egun bakarrera mugatuz.

Larunbat goizean, gazteak Herriko Ostatuko terrazan bilduko dira gosaltzeko eta behin indarrak hartuta, mozorroak soinean, eta Agerralde herriko musikariaren laguntzarekin, etxez etxeko eskeari ekinen diote. Gauez mahaiaren bueltan elkartuko dira berriz, Herriko Ostatuko terrazan afaltzeko. Besta luzatu nahi duenak Lander DJarekin horretarako aukera izanen du.

 

'Herri txiki infernu handi' grabaketa gaur

Inauterien atarian, ortzegun honetan, otsailak 6, bertzelako hitzordua izanen da herrian. ETB1eko Herri txiki infernu handi saiorako grabaketak eginen dituzte. 20:00etan elizan zehaztu dute hitzordua eta joan den asteartean, urtarrilak 28, herritarrekin eginiko elkarrizketen bideoak eskainiko dituzte. Gisa berean, Zuhaitz Gurrutxagaren eta Mikel Pagadiren monologoekin gozatzeko aukera izanen da eta Sebastian Lizasoren bertsoek osatuko dute ekitaldia.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun