Otsailaren 7an eta 8an izanen dituzte Urrozko inauteriak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 5a, 07:30
Giro ederra izanen dute asteburuan Urrozko inauterietan ere.

Larunbatean eskean ibiliko dira; gazteak baserrietan eta haurrak herrian barna

Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, inauteriei eguna jarri diete gazteek. Urteetan inauteri ofizialekin bat etorriz ospatu izan badira ere, aurten, joan den urtean irekitako bideari segituz, lehenagotik izanen dira: otsailaren 7an eta 8an izanen dira, ortziralean eta larunbatean.

Bi egunetako egitaraua aitzineko urteetakoaren berdintsua izanen da. Ortziralearekin afaltzeko bilduko dira Herriko Ostatuan eta horrela emanen diete mozorro bestari hasiera. Larunbata izanen da egun handia. Goizean gazteak karroan sartuta baserrietarako bidea hartuko dute eta egun osoa eskean pasatuko dute. Arratsaldean, berriz, haurrak herriko etxeetan ibiliko dira eskean. Etxez etxeko itzulian musikariak izanen dituzte bidelagun.

Inauteriak borobiltzeko, larunbat arratsean herri afaria eginen dute Herriko Ostatuan eta nahi duten guztiek, baita eskean ibili ez direnek ere, parte hartzeko aukera izanen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun