Master txapelketako larunbateko finalerdietarako pilotak berezi dituzte erremontelariek

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 31a, 15:00

Urriza eta Endika Urrutia saldiastarra, finalerdietarako pilotak aukeratu ondotik. Argazkia: Maialen Andres

Barrenetxea IV.a Ansa II.aren kontra ariko da eta Endika Urrutia saldiastarra Urrizaren kontra

Otsailaren 1ean, larunbatean 16:00etan Hernaniko Galarretan hasiko den jaialdian jokatuko dituzte erremonteko buruz buruko Master UTS txapelketako finalaurrekoak. Ortzegunean berezi zituzten pilotak: Barrenetxea IV.ak eta Ansa II.ak lehenik eta Endika Urrutia saldiastarrak eta Urrizak, ondoren.

Urtarrilaren 30eko jaialdian Endika bikain

Pilotak aukeratu ez ezik, pilotan aritu ere aritu zen Endika Urrutia ortzegun arratsaldean Galarretan. Partida nagusian bikain aritu gainera: Zeberio II.arekin batera 40-24 irabazi zien Segurola eta Barrenetxea IV.ari.

Lehenbiziko partidan, Oskar Urrutia II.a saldiatarrak eta Labakak 35-33 irabazi zieten Beñat eta Garcési; hirugarrenean, Aritz Juanenea saldiastarrak eta Larrañagak tanto bakarrarengatik galdu zuten Aldabe eta Ionen kontra (39-40); laugarren partidan, Goikoetxea V.ak eta Aritz Zubiri goizuetarrak 12 tantotan utzi zituzten Barricart eta Agirrezabala (12-40)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun