«Herritarrok urte osoa inauterien esperoan egoten gara»

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 25a, 18:08
Ainara Altzuri aurtiztarra.

Ainara ALTZURI     Aurtizko gaztea

Astegunez ikasi, asteburutan lan eta inauterietan jai egiten du Ainara Altzurik (Aurtitz, 2001): «Iruñean ikasten ari naiz eta asteburuetan Elizondoko zahar-etxean lan egiten dut».

Ederki merezitako gozamena dira inauteriak aurtiztarrarentzat: «herritarrok urte guztia egun horien esperoan egoten gara. Batez ere astelehen eta asteartea egun bereziak dira guretzat». Dagoeneko, gibelera kontua hasia du, «aurpegia tapatu eta jendea zirikatzeko» gogotsu dago.

Astelehenean, indarrak hartzeko elkartean egiten duten gosariaren ondotik, «joaldunak eta akordeoilariak lagun», etxez etxe puskak biltzen ibiliko da. Segidan, «isil-isilik» mozorroa jantziko du, «aurpegia tapatuz, inork ez ezagutzeko».

Plazan harat eta honat, bata eta bertzea zirikatuz ibilita, berriz ere mahaia izaten du bilgune: «bazkaldu eta bestarekin segitzeko tenorea izaten da eta». Asteartean zubietarrei bisita bueltatzeko eguna izaten dute: «mozorroak ikustera joanen gara».

Joaldunak eta mozorroak dira ikusleek gehien bistaratzen dituzten inauterietako osagaiak, baina horien gibelean bada bertze berezitasun bat eta Altzurik ederki azaldu du hori: «gaztetan sartu nintzen urteko oroitzapen ederrak ditut, ordura arte mozorroa kendu eta etxera joaten nintzen. Gainontzeko momentuak ez nituen bizi eta horiek ezagutzea ederra izan da».

Otorduak egin eta besta luzatzeak, bertzeak bertze, inguruko herritarrekin denbora gehiago egoteko aukera eman dio: «iluntzetan hiru herrietakoak nahasten gara, elkartasun hori ederra da». Egun handiak pasatuta, larunbatari begira hasiko dira: «zaharren afaria egiten dugu eta hori ere inauterietako momentu berezienetako bat da».

Ordura arte ez da nekerik, ezta etxean gelditzeko aitzakiarik ere. Geldirik ez egotearen ondorioak inauteriak akitzean ailegatzen dira: «orduan bai, gorputzak atsedena eskatzen du». Gutxi aski dute, berehala indarberritu eta inguruko herrietara joateko prest izaten dira: «Arantza, Sunbilla, Doneztebe...». Bere-berea duen umoreak eta janzten duen mozorroak ez dute hutsik egiten eta «ederki» pasatzen dute guztietan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun