«Aitzineko alkateak egindako lanarekin segitzeko asmoa dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 25a, 10:00

Ugutz Zelaieta izanen da ondoko lau urteetan Oizko alkate.

Ugutz ZELAIETA  Oizko alkatea

Nor da Ugutz Zelaieta?
Lesakan bizi den oiztarra.  

Zein dira zure zaletasunak?
Ehizan edo arrantzan ibiltzea gustatzen zait eta, gezurra dirudien arren, sukaldean ere gustura aritzen naiz...

Abenduaren 7az geroztik Oizko alkate zara. Nola animatu zinen taldean sartzera?
Egia erran azken momentuko erabakia izan zen, taldea osatzeko beharra ikusita egin genuen... Ez nuen uste boto gehien nik lortuko nituenik ezta inoiz alkate izanen nintzenik ere... Hala ere, kargua gogotsu eta ilusio handiz hartu dut.

Zein dira agintaldi honetarako zeure buruari paratu dizkiozun erronka nagusiak?
Etorkizunean ez dut gehiegi pentsatu baina aitzineko alkateak lan ona egin zuen eta bide horretatik jotzeko asmoa dudala erran dezaket. Egia erran hori lortuz gero konforme naiz.    

Zein dira Oizen ikusten dituzun beharrak? 
Behar handirik ez dut ikusten, aitzinekoek gogotik lan egin dutelako. Denbora pasa ahala sortuko dira eta orduan ikusiko dugu...       

Lesakan bizita... nola moldatzen zara?
Alde horretatik ez dago arazorik, ia egunero herrira joaten naiz eta... Gainera, taldekideak laguntzeko prest daude eta guztien artean moldatuko garela uste dut. 

Oizek 2000n 144 biztanle zituen; 2018an, berriz, 121. Zer sentitzen duzu hori aditzean?
Pena da baina, aldi berean, ulertzen dut herritarrak aukera gehiago duten tokietara joatea... 

Sarri herriko inauteriak dituzue. Joaten al zara herrira?
Egun horietan giro eta saltsa polita izaten da baina ni ez naiz arront inauteriazalea. Badira hamar urte behintzat ez naizela joan...

Zer du Oizek Lesakak ez duena?
Herri bakoitzak bere berezitasunak dituen arren, ez da diferentzia handirik...

Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Bi semeak zoriontsu ikustea aski dut ni ere zoriontsu izateko.   

Amets bat?
Ez dira gutxi... Orain bat aukeratu beharko banu Oizek laxoako txapela irabaztea eskatuko nuke. Ea agudo betetzen den! 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun