«Lanean sartuta bizi gara eta ez gara inguruan sortzen dugun nukleoaz ohartzen»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 8a, 10:00
Txomin Mindegia, ikasleez inguratua abendu hondarrean egin zioten agurrean. Argazkia: Zaldua.

1986an hasi eta joan den urte bukaerara arte Mendaur institutuko eta San Migel eskolako atezaina izan da Txomin Mindegia Iriarte (Doneztebe, 1954). 34 urteotan «arlo guztietako» lanak egitea egokitu zaio: «jendeak ateak ireki eta itxi, korreoa jaso eta mandatuak egitea lotzen ditu gure eginbeharrarekin baina hori baino anitzez gehiago egiten dugu».

Hein batean bederen, «sortzen diren arazo guztiak konpontzeaz edo soluzioa bideratzeaz» arduratu izan da. Ez da erantzukizun makala izan «600 lagun inguru» biltzen dituen institutu bat izaki «egunero» izaten zuen zerbait eta.

Urte hauetan guztietan «aldaketa handiak» ezagutu ditu ikastetxean: «hoberako edo okerrerako izan direnak baina denak ailegatu bezala hartu beharrekoak». Aitzinera pausoen artean, «informazioaren eskuragarritasuna, eskola eta gizartearen arteko harremana, guraso eta lankideen arteko komunikazioak izandako garapena eta gazteek basurarekiko duten jarrera, kontzientzia ekologikoa...» nabarmendu ditu.

«34 urteotan aldaketa handiak gertatu dira, batzuk hobera eta bertzeak okerrera»

Dena, ordea, ez da hoberako izan: «lehen bai gurasoak baita eskola ere bakoitza bere arlotan aritzen zen, gaur bata bertzearen lanean sartzen gara, muturra behar ez den tokian sartzen dugu, eta hori ez da ona».

Urteotako hamaika oroitzapen gordetzen ditu, irakaspen batean bilduta: «bizi dudan guztiarekin, aniztasuna aberatsa eta elkarren osagarria izan gaitezkeela ikasi dut. Hagitz-hagitz maitatua sentitu naiz». Sentimendu hori izan abendu hondarrean egindako agurrean gain hartu ziona: «hasteko ikasleek jantokira eraman eta musika-tresnekin Errekaren kanta jo zidaten. Erreka nire bizitza erdia da eta kantaren letra erdia baino gehiago nirea da… Ikasleak hori jotzen ikusteak hunkitu egin ninduen».

Gehiago ere egin zioten: «joareak jo zizkidaten eta eskolako kide guztiek bueltan-bueltan hartu ninduten». Momentu horretan elkarren arteko «loturaz» ohartu zen: «urtez urte lanak ongi egiten saiatzen gara, lanean sartuta bizi gara eta ez gara inguruan sortzen dugun nukleoaz ohartzen. Hori sentitzea handia da». Handia eta harrigarria egin zitzaion. Izan ere, «aste bat lehenago irakasle, irakasle ohi, administrari… bilduta bazkari polit bat egin genuen eta guztia hori zela pentsatu nuen».

«Erretiroa hartzeko momentuan ohartzen gara egindako lanaz»

Momentuko hutsuneari aitzin hartzeko lanik gabe, «aisa» aldatu du egunerokoa atezainak. Ateak itxi eta irekitzen trebatua delako edo kanpoan ere maite dutelako, «momentuz behintzat ez dut lanaren falta sumatu». Aldaketarekin «hagitz gustura» dago. Erretiroa hartzearekin bat, «urteetan hartutako ardurez eta egindako lanaz ohartu naiz eta orain arduretatik aske bizitzeko momentua da».

Egunerokoa errotik aldatu zaio: «jaiki eta neure burua moldatu ez dut bertze egitekorik. Harrituta nago, ez naiz behin ere horren ongi bizi. Susmoa nuen jubilazioa ona zela baina ez nuen horren ona zenik uste». Goizero ibilaldia egin eta «egun guztia izaten dut nahi dudana egiteko». Zaletasun anitz dituenez, denbora pasatzeko arazorik ez du izanen: «Ardurarik hartu gabe, nire bizitza erdia izan den Errekan laguntzeko prest egonen naiz, sorreratik hor nago eta hori ez dut utziko». Ez da bizitzako etapa honetarako duen asmo bakarra: «kanpora joateko eta mendian ibiltzeko aprobetxatu nahi dut, bi zaletasunak uztartu nahi ditut».

Orain, herrialdez herrialde, mendian edo kiroldegian ibiliko da Mindegia «hasiberria denari bere lekua hartzen utzi artean». Sarraila aldatu aitzinetik, ordea, bisita eginen duela agindu du: «lagun handiak egin ditut eta anitz maite ditut, horiekin tarteka kafetxo bat hartzeko bilduko naiz…».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun