Paula Sanzberro 'eguraldi-emakumea' bisitatu dute Sunbillako eskolako ikasleek

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 24a, 08:30

1976an Benito bere aita hasi zen tenperatura eta prezipitazioak neurtzen Sunbillan eta ondotik berak hartu zion lekukoa

Sunbillako eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek Paula Sanzberro Iriarteri bisita egin diote. Izan ere, Eguraldia eta klima lantzen ari dira eta Paula Sanzberro tenperatura eta prezipitazioa neurtzeaz arduratzen denez, gustu handiz erakutsi die zein den berak egiten duen eguneroko lana.

Ikasleei kontatu dienez, 1976. urtean hasi zen Paularen aita, Benito Sanzberro, neurketa hauek erregistratzen, eta ondoren, berak hartu zuen neurketen erreleboa. Zein datu hartzen dituen aipatu du; eguneko tenperatura altuena, baxuena, hezetasuna, momentuan dagoen tenperatura eta prezipitazio kantitateak erregistratzen ditu.

Hilabete baten erregistroa osatzen duenean (egunero egiten du erregistroa), Iruñera bidaltzen ditu datuak. Hauekin, zonaldeko eta Nafarroako banaz bertzeko datuak ateratzen dituzte.

Sunbillako eskolatik adierazi dutenez, «adi eta gustora egon ziren ikasleak Paularen azalpenak entzuten. Mila esker Paula!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun