Erremonteko Master Torneoa ortzegunean hasiko da Galarretan

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 22a, 13:00

Azpiroz, Goikoetxea V.a, Urriza, Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a, 2020ko master txapelketaren aurkezpenean.

Hamargarren edizioa da eta bortz partidu jokatuko dira guztira. Finala otsailaren 8an jokatuko da eta partaideak Ansa II.a, Azpiroz, Endika, Goikoetxea V.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a dira

Erremonteko UTS Komunikazioa Buruz Buruko Master Txapelketa ortzegunean hasiko da jokatzen Galarretan. Bana­kako txapel­keta izaten da eta hamargarren edizioa beteko du aur­ten. 2020koan sei erre­mon­tistak hartuko dute parte, pasa den urtean bezala, eta bortz partidu jokatuko dira guztira. Eskai­lera formatua izanen du eta Endika izanen da eskualdeko ordezkari bakarra, Ezkurra II.a lesioatik atera berria baitago.

Ortzeguneko lehenengo parti­dan Azpiroz eta Ansa II.a ariko dira elkarren aurka. Biga­rren­ partidan, larunba­tean, Goikoetxea V.a eta Endika lehiatuko dira bata bertzearen kon­tra. Lehenengo parti­d­aren irabazleak Barrenetxea izanen du aurrez aurre otsailaren 1ean eta bigarren partiduko irabazleak Urriza hartuko du egun berean. Finala, otsailaren 8an jokatuko da finalerdien irabazleen artean.
Koteto Ezkurra haundiak irabazi zituen lehendabiziko bi edizioak 2011n eta 2012an. Ondoren, Urrizaren bi garai­pen etorri ziren (2013 eta 2014), Utergak hartu zuen erreleboa 2015ean eta 2016an bertze bi garaipenekin eta az­ken hiru urteetan berriz ere Urrizak menderatu ditu aurkariak.

Pasa den urtean bezala, UTS-Komunikazioa da babesle eta bere izena du txapelketak. Aurkezpenean Unai Lizarribar egon zen UTS-ren ordezkatzen, Oriamendi2010eko Xabi Gonzalez eta Barrenetxea eta Goikoetxea erremontistak. Barrenetxea Banakakoaren txapelduna eta Goikoetxea Mastersean debutaria. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun