«Urtero urtero beztitu naiz mozorro, tapa-tapa egin eta martxa festara»

E. IRAOLA 2020ko urt. 23a, 12:00
Maribel Elizalde, Labaienen sortutako zubietarra.

Maribel ELIZALDE MINDEGIA
Labaienen sortutako zubietarra

Bizitzaz gozatzen ari dela  nabari zaio Maribel Elizalderi, «urte sail ederra lanean aritu ondotik, espezial bizi naiz lanera joateko erlojuari begiratu gabe». Paseoan ibili, etxekoekin egon, lagunarteko momentuetaz gozatu eta batetik bestera bidaitzeko baliatzen du denbora. Kanpoan da orain eta inauterietarako justu-justuan bueltatuko da herrira: «astelehenean heldu gara bueltan eta Zubietako egunean behintzat herrian izanen gara. Pena nuen, ez baitugu behin ere hutsik egin inauterietan». Aurten, prestaketa askorik gabe «maleta desegin gabe utzi, mozorroa beztitu, tapa-tapa egin eta martxa festara!». 

Inauterizalea
Labaiendarra da sortzez, baina aitortu digu: «berrogeita sei urtez bizi naiz hemen eta dagoeneko zubietartu naiz». Bere eginak ditu herriko ohiturak ere: «inauterizalea naiz oso, otordu guztiak egiten ditugu». Eta noski, mozorrorik gabe ezin inauteriak ulertu. Beztitzeko ganbarako altxorrak erabiltzen dituela azaldu digu: «etxeko trapu-zaharrak, gitarra, fregona, karraka, maleta zaharrak... urtero asmatzen dugu zerbait». Helburua, inork ez ezagutzea izaten da, «baina baten pausoa dela, bestearen gorpuzkera... tankera hartzen diogu elkarri. Bazkaltzeko denborarako hizketagaia izaten dugu».
Otorduak borobiltzeko, Maribelek egiten dituen piper opilek ere badute sona: «herriko amona batek erakutsi zigun egiten. Frankoren garaian, ez zen zilegi inauteriak egitea. Altxaketan egiten zituzten menditik herrira gazteak etortzen zirenean eta postretarako piper opilak egiten zituzten. Berak erakutsi zigun nola egin».

Betiko osagaiak
Inauteriak ez direla askorik aldatu ere aipatu digu: «mozorroak, joaldunak, gosariak, otorduak, musika... hori dira Zubietako inauteriak». Estalpean bizi diren momentuak ditu gustukoen: «gaztetan sartzen direnek denen aitzinean egiten duten dantza, jolasak, bromak, musika... berezia da sortzen den giroa». 
Bisitariak ere ez dira falta azken urteetan, «baina beti izan dira». Inauteriak bizitzeko moduarekin, mozorroen bihurrikeriekin, «batzuk konforme eta besteak ez, baina etortzen denak errespetatu egin behar du eta egin behar dena da arropa zaharrekin etorri».  Eta trapu zaharrak astintzen hasita, ez ote da hobe goitik beheiti mozorrotzea? Horrela, Maribel eta konpainiari gehixeago kostako zaie bazkalondoan, nor da nor jolasean aritzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun