Autodidakta
Txikitatik gustatu izan zaio argazkiak ateratzea, baina duela pare bat urte piztu omen zitzaion interes berezia: «amak kamera bat erosi zuen eta momentu horretatik aurrera, nire kabuz Interneten irakurtzen, bideoak ikusten... hasi nintzen». Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago nahi; harra barru-barruraino sartzen joan zitzaion: «denean bezala praktikatu egin behar da hobetzeko eta pixkanaka ikasiz, argazkilaritzarekiko interesa eta ikasteko gogoak handitu egin zaizkit».
«Pixkanaka nire kabuz ikasiz, argazkilaritzarekiko interesa eta ikasteko gogoak handitu egin zaizkit»
Kamera lepotik zintzilik
Beraz, ez da harritzekoa, doan tokira doala, kamera lepotik zintzilik ibiltzea. Argi dio gainera, «kamera eta ez mugikorra. Argazkiak ateratzeko orduan kamera erosoagoa iduritzen zait eta irudien kalitatean ere nabarmena izaten da batzuen eta bertzeen aldea gehienetan».
Batez ere, bidaien bideoak egitea gustuko duela erran digu: «leku batera bidaiatzen badut, bertako txokoak, paisaiak... modu originalean, musika eta efektu desberdinak erabilita, irudikatzen saiatzen naiz». Ez hori bakarrik, gidoilari eta zuzendari lanetan ere aritua da dagoeneko: «lehengusuekin hainbat film labur eginak ditut». Argazkilaritzari dagokionez, berriz, pertsonen erretratuak ditu gustukoen: «aldi berean, gehien praktikatu dudan modalitatea da, baina paisaia argazkilaritza ere oso gustuko dut». Sunbillan argazki bat atera beharko balu, badaki non eta nola: «Oteixon menditik aterako nioke herriari argazkia, goizean behe lainoaren presentzia pixka bat dagoenean».
«Inauterietako hiru egunetan kamera bere poltsan gordeta utziko dut deskantsatzeko»
Inauterietan salbuespena
Urtean gutxitan ematen dio atsedena kamerari, baina inauterietan izaten da hori: «nire herriko inauteriak ez balira seguruenik hartuko nuke tarte bat argazki edo bideoren bat egiteko, baina hiru egun horietan kamera bere poltsan gordeta utziko dut deskantsatzen». Izan ere, data seinalatuak dira beretzat: «inauteriak oso gustuko ditut, niretzako urteko ospakizunik hoberenak dira; laburrak baina intensoak». Orain arte, «inauterietako ortziralean eskolara joan eta gauean parranda egitera ateratzen ginen. Larunbatean berdin eta azkenik igandeetan, karrozen desfilean ateratzen ginen». Aurten, ordea, aldaketa heldu da: «hamasei urte bete ditugunez, eskean ateratzeko aukera izanen dugu». Gogotsu dago: «urteko egunik politena dela entzun izan diegu hainbat herritarri eta aurten guk ere probatzeko aukera izanen dugu». Ongi ikasia du eguneko plana: «goizean denok elkarrekin gosalduko dugu eta ondoren bi taldeetan banatuko gara eta baserriz baserri ibiliko gara. Jatekoa eta edatekoa eskainiko digute baserritarrek eta parranda ederra izaten omen da. Bukatzeko afaria egiten da».
«Inauterietako eskea, urteko egunik politena dela entzun diogu hainbat herritarri eta aurten guk probatzeko aukera izanen dugu»
Karroza desfilea
Larunbatean ere bueltaxka egin eta igandean mozorroa soinean jartzeko eguna izaten dute: «hiru urte daramatzagu kuadrillan karroza egiten, baina ez gara asko. Gurea izanen da beharbada karrozak egiten dituztenetatik talderik txikiena. Horregatik, aurten beste kuadrilla batekin elkartzea erabaki dugu».
Inauteriak baino hilabete bat lehenago edo hasi ziren mozorroa eta karroza prestatzen: «baina mozorro guztiek ez dute lan berdina, eta batzuk denbora laburragoan egiten ahal diren bezala, beste batzuk denbora gehiago behar dute». Orain arte jantzi izan dituen mozorroen gainean galdetuta, «duela bi urte, Jack Sparrow pertsonaiaz mozorrotu nintzenekoa» azpimarratu digu: «Piratas del Caribe filmetako protagonista, oso pertsonaia xelebrea eta barregarria iruditzen zait eta ederki pasa nuen bere paperean sartuta». Gustura zein mozorro jantziko ote lukeen galdetuta, berriz, «Mexikoko hildakoen eguneko mozorroa» aipatu du.
Ez dakigu, aurten lagunartean jantziko duten mozorroa hori izanen den. Isilean gorde du sekretua. Jakin nahi duenak igandean Sunbillara joan bertze aukerarik ez du izanen. Eta joaten denak argazkiren bat aterako balu ere, gaizki ez, herriko argazkilari gazteak pestarako egun libreak hartu ditu-eta.