«Herritarrontzat inauteriak urteko besta politenetakoak dira»

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 16a, 19:00
Aritz Arrieta, Elgorriagako gaztea.

Filosofia ikaslea eta Ozpinduk taldeko bateria-jotzailea da Aritz Arrieta (Elgorriaga, 1998). Astez Donostian bizi da eta ikasle bizitzaren bueltan eraikitzen du egunerokoa: «goizean klasera joaten naiz, arratsaldean, berriz, klaseko lanak egiten ditut edo, bertzela, kanpora ateratzen naiz, lagunekin egon bitartean zerbait hartzeko edo Donostian barrena ibiltzeko».

Ortziralea ailegatu orduko etxerako noranzkoa hartzen du. Izan ere, herriak eta inguruko lagunek gozatzeko aukera gehiago eskaintzen diote. Gehienetan, «taldekideekin entseguak egin, nonbait afaldu edo besta egiteko» baliatzen du aste hondarra. Irakurtzea eta musika dira bere zaletasun nagusiak eta «musikaren alorrean, bereziki, hasiberriak diren taldeak edo ezagutzen ez ditudanak aditzea eta zuzenean ikusteak» egiten du zoriontsu. Zenbaitetan, kontzertuak luze joaten zaizkio, «tokatzen denean besta pixka bat ere egiten dugu eta».

Nola ez, herrian bertan denean, ezin izaten du huts egin... Orain, erraterako, inauteriei begira hasia da: «nahiz eta azken bi urteetan, ikasketak tarteko, ez ditudan behar bezala bizi izan, inauteriak urteko besta politenetakoak izaten dira eta libre hartzen saiatzen naiz». Elgorriagan, gainera, «adin batekoak eta bertzekoak» biltzen dira, «giro polita» sortuz.

Ortziralean, «afaria eta besta» egiten dute, larunbaterako beroketa gisa. Larunbatean, gosaltzera «hala honela» ailegatzen dira. Eguerdira arte «herrian barna» ibili ondotik, bazkarian biltzen dira. Arratsaldean «gai jakin bat oinarri hartuta» mozorrotu eta bestan segitzen dute. Indarrik eta gogorik izanez gero, igandea ere «egun polita» da: «mozorro lehiaketa izan ohi da». Egunez egun, musikak ez du hutsik egiten Herriko Ostatuan.

Are gehiago, inauteriek «kanten bertsioak sortzeko aukera» ere ematen dietela kontatu digu: «herritarrok letrak aldatu izan ditugu, izaera xelebrea emanez». Biharamunerako letrak atzenduko dituzte seguru. Bestak ondorena uztea izaten baita ondorio normalena: «bestondoa saihestezina izaten da... baina pasatzen da». Urak dakarrena, urak daroa dio erranak eta halaxe izaten da Arrietarentzat ere «hurrengoa ailegatzen den arte».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun