Josetxo Ezkurraren omenezko XXX. pilota txapelketan izen emateko epea ireki du Errekak

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 14a, 07:30
Josetxo Ezkurra zenaren omenez, hogeita hamargarren urtez pilota txapelketa antolatu dute Donezteben.

Lau eta erdiaren barrenean jokatuko den buruz buruko txapelketa martxoaren 8an abiatuko da eta otsailaren 16ra arte apuntatzen ahal da

 

Doneztebeko Erreka elkarteak hogeita hamargarren aldiz antolatutako Josetxo Ezkurra Memoriala pilota txapelketan izen emateko epea zabaldu du. Eskuz banaka eta lau eta erdiaren barrenean jokatuko den txapelketan, benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil eta senior mailako pilotariek eman dezakete izena otsailaren 16ra bitarte.

Horretarako, salaae@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da eta izen emateko orrian, telefono zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat adierazi beharko dira.

Txapelketa martxoaren 8an hasiko da eta maiatzean edo ekainean jokatuko dituzte finalak. Maila guztietan txapelketa irekia izanen da, kategoria bakoitzeko 32 pilotari onartuko dira eta kanporaketa moduan jokatuko da. Igande goizez jokatuko dira partidak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun