Urtarrilaren 17tik 19ra inauteriak ospatuko dituzte Elgorriagan

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 15a, 08:30
Joan den urtean heroiak izan zen inauterietako mozorroen gaia eta aurten zirkoa.

Larunbat arratsaldean zirkua gaiari lotutako mozorroak janzteko deia egin dute antolatzaileek

Urtarrilaren 17an, ortziralea, hasiko dituzte Elgorriagan inauteriak. 20:00etan Oihana eta Irati trikitilariekin herrian buelta emanen dute eta 21:00etan kantu zaharren afaria eginen dute.

Biharamunean, 09:00etan gosaltzeko bilduko dira Herriko Ostatuan. 10:00etan puskak biltzen hasiko dira gazteak, etxez etxe, Beñat akordeoilariarekin. Adierazi dutenez, aurten ez dute bazkaririk eginen, eta horren partez, nahi duten etxeetan jatekoa ateratzeko proposatu dute, «horrela, puska biltzea luzatu bitartean bazkalduko dugu». 18:30ean, zirkuari lotutako mozorro besta hasiko da eta 21:00etan bertso afaria antolatu dute Herriko Ostatuan, Joanes eta Xabat Illarregi anaiekin.

Igandean, hilak 19, 10:00etan Herriko Ostatuan gosaldu ondotik, 11:30ean mozorroen desfilea eginen dute eta aldi berean, zozketa, Oihana eta Irati trikitilariek girotuta. 13:00etan luntxa eskainiko dute eta 16:00etan mus txapelketa hasiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun