Eguberriak 2019

Joareak soinean dituztela ibili dira zubietarrak urtarrilaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 7a, 17:00

Urtarrilaren 5ean aditu dira aurten lehengoz joare doinuak Zubietan. Herriko gaztetxoak izan ziren joareak astintzen lehenak. Goizean goiz bordetara urteroko itzulia egin eta herrian eskean ibili ziren arratsaldera arte. Doneztebera bisita egin eta afalondoan, helduak izan ziren joareak soinean paratu zituztenak. Zubietatik Aurtiz eta Iturenera joan ziren bisitan 02:30 aldera eta hangoekin elkartuta, osatu zuten bueltako bidea. Hala, 05:30 aldera, joare doinuz jantzi zuten herria Zubieta, Aurtiz eta Iturengo 52 joaldunek. Argazki eta bideoak: Izaskun Zubialde

Goizean, 07:40 aldera abiatuta, bordetara urteroko itzulia egin zuen gazte kuadrilla batek. 09:00ak aldera zubian elkartu ziren gainontzekoekin eta herrian eskean ibili ziren 15:30ak arte. Arratsaldean, gazte eta helduez osaturiko beste talde batek, urtero bezala, Doneztebeko kabalgatan parte hartu zuten. Joareak soinean zituztela eta Ituren eta Aurtizko joaldunen aldamenean  borobildu zituzten Eguberriak hainbat zubietarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun