Manchester Titik irabazi du Doneztebeko IX. Eguberrietako futbito txapelketa

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 3a, 06:30

Urtezahar eguneko finalean nagusitu zitzaion Burlatako Los chicos del anís taldeari

Doneztebe futbol taldeak antolatzen duen Eguberritako areto futbol txapelketaren bederatzigarren edizioa, egonkortzearen urte gisa har dezakegu. Izan ere, izena emateko 20 taldeko mugara iristeaz gain, lehenengoz talde gehiago kanpoan gelditu behar izan dira. Hau da dudarik gabe, txapelketak bailaran eta inguruan duen arrakastaren adierazle nagusia.

Doneztebeko kiroldegiko armailak behin eta berriz bete dira aurten ere, puntu gorenera abenduak 31ko arratsaldean iritsiz final handia ikusteko.

Aitzinetik, goizean “Los chicos del anís” Burlatako talde gaztea Ultzamako “Bastinazo”ri gailendu zitzaion finalerako lehen txartela lortuz. Bertze finalerdian, Manchester Titik joan den urteko txapelduna hartu zuen mendean, Lesakako “Erretiradi” taldea hain zuzen ere.

Arratsaldeko lehenengo partidan lesakarrek goizeko aho zapore txarra kendu zuten, hirugarren postua lortuz.

Segidan, aurtengo txapelduna nor izanen zen jakiteko irrikitan zegoen kiroldegi bete baten aitzineean, Doneztebe eta zonaldeko jokalariz osatutako Manchester Titi taldea garaile suertatu zen txapelketa bikaina egin duten burlatarren aurka.

Arratsaldea hainbat zozketa eta sari banaketarekin bukatu zen.

Hauek izan ziren bakarkako sariak:

  • Pitxitxia: 17 golekin “ Los chicos del anís” taldeko, David Hernandez.
  • Atezain onena: Txokoracing taldeko Sergio Larrainzar.
  • Finaleko jokalari onena: Manchester Titiko Eloy Garcia.
  • Txapelketako jokalari onena: Eloy Garcia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun