Hondakin organikoak konpostatzeko kanpaina abiatu du Malerrekako Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 27a, 13:00

Konposta egiten duten erabiltzaileei hondakinen tratamendu tasan %20ko hobaria edo deskontua aplikatuko zaie Malerrekan.

Konposta egiten duten erabiltzaileei hondakinen tratamendu tasan %20ko hobaria edo deskontua aplikatuko zaie eta materiala doan eska daiteke

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana onartu zuen. Plan honen ildo nagusiak hondakinen prebentzioa, kudeaketa hobetzea eta ekonomia zirkularrean eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan aurrera egitea dira. Plan honen barrenean honako helburuak ezarri dira, bertzeak bertze: Hondakin gutxiago sortzea: 2020an %10 gutxiago eta 2027an %12 (2010eko datuekin alderatuz).  Hondakin organikoaren bilketa %50ekoa izatea 2020an eta %70ekoa 2027an.

Malerrekako Mankomunitateak hondakin organikoak konpostatzeko kanpaina abiatu du. Izan ere, «Malerrekan helburu hauek bete nahi baditugu, aspalditik bereizten diren frakzioez gain (ontzi arinak, papera eta kartoia eta beirazko ontziak), frakzio organikoa bereiztea ere ezinbertzekoa da. Izan ere, etxeko zabor poltsaren %45 hondakin organikoa izaten da eta errefusaren edukiontzira botatzen bada, zabortegira doa zuzenean (oraintxe bertan Tuterako zabortegiraino gainera)».

Kontuan hartu behar da hondakin organikoak ura duela elementu nagusi (pisuaren %80). Beraz, hondakin organikoak errefusaren edukiontzira botatzen baditugu, milaka ur tona alferrik zabortegiraino garraiatzen ariko gara.

Bestalde, zabortegietako hondakin organikoaren deskonposaketak metano isurketak eragiten ditu (metanoa berotegi efektuari dagokionez, CO2 baino 25 aldiz kaltegarriagoa den gas bat da). Konposta egiteko erabiltzen bada, ordea, ez da horrelako gas isurketarik gertatzen eta gainera bertan erabiliko den kalitatezko ongarria lortuko da.

Hondakin organikoa kudeatzeko modurik onena konposta egitea da. Lursail bat baldin baduzu etxeko konposta egin dezakezu edo bertzela, auzoko konpostean parte hartu. Materiala Malerrekako Mankomunitatean eska daiteke eta doakoa da.

Konposta egiten duten erabiltzaileei hondakinen tratamendu tasan %20ko hobaria edo deskontua aplikatuko zaie (hondakin tasa: tratamendu tasa eta bilketa tasa).

Kanpaina honen bidez Malerrekako Mankomunitateko datu basea eguneratzeaz gain, auzo konposta egiten duten (baina erregistratu gabe dauden) erabiltzaile horien datuak bildu nahi dira, haien tratamendu tasan %20ko deskontua aplikatu ahal izateko. Azkenik, konpost erabiltzaile berriei zein erregistratu gabe dauden horiei beharrezko ekipamendua eskaintzea da asmoa.

 

Zozketa

Azkenik, azaroan ospatzen den Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan arrandegi edota harategietako erosketak tupperrarekin egin dituztenei zuzendutako zozketaren irabazleak honakoak izan dira:

  1. Beni arrandegia (Doneztebe): Araceli Garro Iparraguirre (Oiz)
  2. Eroskiko harategia (Doneztebe): Teresa Garaikoetxea Migeltorena (Legasa)
  3. Saldias harategia (Doneztebe): Gloria Loperena Baleztena (Legasa)

Irabazle bakoitzak arrandegi /harategi horretan gastatzeko 50 euroko bono baten saria jasoko du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun