«Eguberrietako ohiturak eta argazkiak dokumentalean bilduta daude»

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 22a, 09:00
Andrea Apeztegia doneztebarra.

Andrea APEZTEGIA LARRAINTZAR

«Bizitza intentsitate handiz, umorez eta alaitasunez bizi duen 27 urteko gaztea» da Andrea Apeztegia (Doneztebe, 1992).  Ez da geldirik egoteko sortua eta ongi islatzen du hori bere egunerokoak: «goizean goiz, lanera joan aitzinetik, berriak ikusten ditut. 8-10 orduz lan egin eta gimnasiora joaten naiz, etxeko lanak egiten ditut edo lagunei eta gurasoei deitzen diet». 

Hagitz bertzelakoa da Eguberrietan izaten duen martxa. Orain artean, Madrilen bizi zelarik, «etxean goxo egoteko» baliatu izan ditu; aurten, berriz, «lagunekin Suitzara» joanen da.

Dena den, ez ditu alde batera utziko Eguberrietako egun handiak, ezta horiek eragiten dioten zirrara ere: «zoriontasuna, berrelkartzea, bonboiak, xanpaina... familia eta lagunen konpainian edo trikiti hotsez eta amatxiren istorioez girotutako momentuak ederrak dira».

Istorioak ez ezik historia ere maite duela argi islatzen du iaz egindako lanak. Izan ere, «amak Errege Kabalgatak 60 urte beteko zituela kontatu zidanean» horren sorreraz eta historiaz gehiago jakiteko lanean hasi zen. Hasi bazen hasi, «Marianje Ganboaren zuzendaritzapean eta bertze hainbat profesionalekin» dokumental bat egin zuen. Tartean, «Eguberrietan zinean ospatzen ziren bestak, biztanleen ikuskizunak, Errege Kabalgatako karrozen argazkiak...» bildu zituzten, orduan gazteek egiten zuten lanaren lekuko. Apeztegiak, komunikazio alorrean trebatua izaki, «informazioa bildu, elkarrizketak egin, gidoia sortu eta aurkeztu» zuen.

Ez zen lan makala izan, baina merezitako harrera jaso zuten: «bi emanaldi eskaini genituen eta bietan zinema bete ikusle bertaratu zen. Ondotik, egun anitzez berreskuratutako historia bolo-bolo ibili zen». Eguberrien bueltan egindako lan guztiak, ordea, ez dira horren atseginak: «publizitate kontuetan ere aritzen naiz eta azarotik horretan aritzea luze egiten da». Bi hilabete inguruko lanak badu bere ordaina: «oporrak gehiago estimatzen dira».

Txarrari ona ateratzen dio eta momentu xumeak zoriontasun une bihurtzen ditu doneztebarrak: «ohartzen ez garen arren, zoriontasuna momentuak dira eta toki ederrenak hurbilen ditugunak». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun