Eguberriak 2019

Garai bateko eskasia, gaur egungo gehiegikeria

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 21a, 11:00

Hilaria Mutuberria, Aitor Bazterrika eta bere birbilobak.

Bizimodu aldaketaren adierazle dira Eguberriak Bazterrika-Mutuberria familiarentzat. Hilaria Mutuberriak (Ituren, 1927) haurtzaroan «Baztan zopak eta gisatua janez» baserrian bertan ospatu izan ditu: «hori zen usadioa, ez genuen bertzerik».

Elkartasuna eta estimua

Familia izatearekin batera hasi ziren opariak: «Erregeetan horiek erosteko txerrikumeak saltzen nituen, hasieran hiru duro hartzen nituen ordainetan, gero bortz. Diru horrekin, hala honela, moldatzen nintzen». Beharrezkoak zituzten «arropa edo zapatak» erosteko, «astoa hartu eta Doneztebera joaten ginen, senarra zena eta biok». Guztiendako erostea «zaila» izaten bazen ere, «seinalea» egiten omen zuten: «txokolatezko duroak botatzen genituen etxean, haurrek Erregeek galduak zituztela sinesteko. Hori eta bertze detaileren bat ziren opariak». Keinu txikiak estimu handia zuen Zubialdeko baserrian: «lehen gutxi hura gehiago estimatzen zuten eta haurrak arront inozenteak ziren. Gaur gehiago ohartzen dira, baina ez dute erraten. Erranez gero ez baitute izanen...». Otorduetako jaki eta edariak, berriz, «barrideek bisitan etortzen zirenean ekartzen zizkigutenak bilduz» osatzen zituzten: «egun handi horietarako gordetzen genituen azukrea, anisa...». Zegoena banatzen zuten, guztien artean: «haurrei ere goizetan Marie Brizard anisa ematen genien, gaileta batzuekin». Eskasiarik ez, gehiegikeriarik ere ez du ezagutu Aitor Bazterrikak (1979): «egunerokoan ez genituen freskagarriak akituko balira edaten genituen Eguberrietan eta jasotzen nuen opariak urte guztia irauten zidan. Horiek hautsiz gero, bertzerik ez zegoenez zaindu egiten genituen».

Momentuak eta sentimenduak

Gaurko gurasoek «informazio anitz izanagatik, ez duela hori irudi» nabarmendu du: «isilik egotearren dena uzten edo ematen diegu, telebistan ikusten duten zabor guztiaren erantzule gara... Akats horretan sartuak gaude eta ez gara horrek eragin dezakeen kalteaz konturatzen...». Materiala ez dena, sentiarazten duena, lehenesteko ahalegina egin nahi du Bazterrikak. Hain zuzen, Olentzero eta Errege Kabalgatak berak eguneko opariek baino gozamen handiagoa eskaintzen dutelako «urte andana» daramatza bertze batzuekin batera hori antolatzen: «haurren aurpegiak ikustea bertzerik ez dago». Azken batean, «momentuak eta bizipenak dira haurrek beti oroituko dituztenak. Mendira joan eta gaztainak biltzen pasatutako arratsaldeak luzaroan gordeko ditu, opariak, berriz, berehala zokoan utziko ditu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun