Saldiastarrak binakako erremonte txapelketatik kanpo gelditu dira

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 9a, 20:00
Endika eta Juanenea saldiastarrak, biak gutxigatik gelditu dira erremonteko txapelketatik kanpo.

Juaneneak eta Barrenetxea IV.ak 40-18 irabazi zieten Matxin III.a eta Endikari eta emaitza horrek biak kanpo uzten ditu

 

Ustekabean ez da erremontelari saldistarrarik izanen binakako erremonte txapelketaren finalaurrekoetan. Endikak nahiko bideratua zuen txartela azken partidaren faltan (6 puntuko aldea zuen Larrañagarekin), baina larunbateko bi partidetan ezusteko emaitzak izan ziren. Alde batetik, Juaneneak eta Barrenetxea IV.ak 40-18 irabazi zieten Matxin III.ari eta Endikari eta txapelketako bertze partidan, Urrizak eta Larrañagak 40-34 irabazi zieten Ansa II.ari eta Ioni.

Honela, Larrañagak zortzi puntu eskuratu zituen eta Endikak bakarra. Atzelarien artean, hortaz, Azpiroz, Barrenetxea IV.a eta Larrañaga izan dira puntu gehien eskuratu dituztenak. Aurrelarien artean emozioa eta puntu berdinketa izan zen Matxin III.a eta Juanenearen artean, baina gipuzkoarrak saldiastarrak baino tanto gehiago egin dituenez, bera izanen da finalaurrekoetan, Uterga eta Urrizarekin batera.

 

Lehen finalerdia ostegunean

Gauzak honela, osatuak gelditu dira finalerdietarako bikoteak. Ostegunean, Uterga eta Larrañaga, Urriza eta Barrenetxea IV.aren kontra ariko dira eta irabazlea larunbatean Matxin III.a eta Azpirozen kontra ariko dira. Itxura batean, Urrizak eta Barrenetxea IV.ak osatzen dute bikoterik sendoena, baina kantxa gainean erakutsi beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun