Futbola elkartasuna adierazteko bitartekoa izan da Donezteben

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 9a, 17:00

Nafarroako Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Elkartearen (ANELA) aldeko hitzordua izan zuten abenduaren 6an Donezteben. Iñaki Indart futbol zelaian elkartuta, hainbat futbol partidu jokatu zituzten Reala, Osasuna, Baztan eta Doneztebe futbol taldeetako jokalari gaztetxoek. Argazkiak: ANELA

Iaz antolatu zuten lehenengoz futbol txapelketa. Nafarroan Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten gaixoak eta haien senitartekoak biltzen dituen elkarteari laguntzeko helburuarekin. Abenduaren 6an, ortziralean, izan zuten bigarren edizioa eta aurrenekoa bezain arrakastatsua izan zen; parte-hartzea handia, kirolean giro jator eta goxoan, gaixotasuna ikustaraztea lortu zuten.

Kirol arloko hainbat ordezkarik ere bat egin zuten hitzorduarekin: bertzeak bertze, Nafarroako Futbol Federazioko ordezkariek, Koteto Ezkurrak, Jabier Eseberrik eta Agustin Gajatek. ANELAko ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkiete parte-hartzaile guztiei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun