Emanaldiaren muina bi gaien ingurukoa izanen da: Nafarroaren Eguna berarena, eta baita egun berean ospatzen den Euskararen Egunarena, hain zuzen ere. Hori dela eta, euskal kanta ezagunak eta konpositore nafarren lanek osatuko dute kasik programa osoa. Hasiera Nafarroako Ereserkiak emanen dio, eta ondotik Federico Moreno-Torroba Larregla zein Jesús Sorozabal Maisu nafarren obrak, egunari ezinhobe lotzen zaion Aita Donostiaren hainbat konposizio zein euskal kantutegiko hainbat kanta ezagun adituko dira. Baina horiez gain, emanaldiak berezitaun nabarmen bat izanen du: EITB taldeak deitu duen haurren minbiziaren aurkako kanpainarekin bat egin asmoz, Mendiko kideak Itoiz taldearen Lau Teilatu kantua prestatzen ari dira buru belarri, eta egun horrexetan estrenatu eta grabatu eginen dute EITBko plataformara bidaltzeko. Entzuleen parte hartzea ere sustatuko dute horretarako.