Euskara zapaldu nahian

Lotsagarria. Horixe da, beste adjektibo batzuekin batera, burura etortzen zaidan hitza.
San Saturnino egunean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots euskal pailazoek Iruñeko Baluartean emanaldia hitzartuta zuten. Aurreko Udalak egin zuen kontratazioa, izan ere, 1986. urtean onartutako Euskararen Foru Legearen arabera, Iruñerria eremu mistoan kokatzen da. Hori kontutan hartuz, eta bertako biztanleak eta ingurukoek euskarazko ikuskizunaz gozatzeko eskubide guztia dutela kontuan izanda, ikuskizun hori antolatu zuten. Baina, dirudienez, oraingo udal ordezkariek ez dute hori ulertzen (edo ez dute ulertu nahi). Euskararen aurkako kanpainari ekin diote, haurrei euskarazko ikuskizun batera joateko eskubidea ukatuz.

Hortik hasi dira, baina ez da aste hauetan euskararen aurka egin duten ekintza bakarra izan. Izan ere, euskarazko testuliburuak berrikustea ere martxan jarri dute NA+-ren botoekin eta PSNren abstentzioarekin. Helburua D ereduko testuliburuetan nazionalismo «ideiak» ekiditea omen da, indarrean dagoen legedia betetzen duten jakiteko. Baina benetan beharrezkoa da? Gure eskoletan ideia politikoak edo doktrinamendua ematen dela uste al dute? Ni irakaslea naiz eta badakit zertaz hitz egiten dudan. Gure eskoletan curriculumak markatzen dituen edukiak ematen dira, hainbat metodologia erabiliz, besterik ez, agintari jaun-andreak! Benetan amorrarazten nau gai honek. Baina zer pentsatzen dute, denak beraiek bezalakoak direla? Ikasturte hasieran programazioak egiten dira eta ikuskari batek onartzen ditu, beraz, zer gehiago behar dute?

«Erasoekin euskara indartzea besterik ez dute lortzen»

Hizkuntza aberastasuna da herria aberasten duen erreminta. Eta euskarak badu beste hizkuntzek ez duten botere berezi bat. Euskara Europan bizirik dagoen hizkuntzarik zaharrena da. Hainbat ikerlari eta linguistek diotenez, neolitiko garaian edo antzinago koka daitekeen hizkuntza da. Gure arbasoek erabiltzen zuten hizkuntza da, eta, hainbat garaitan, erasoak jasan arren, bizirik dirauen hizkuntza.
Hizkuntza ez da politika, ondare kulturala baizik. Eta beste eraso honetatik ere garaile aterako da. Ez izan beldurrik euskara, guk zure alde egingo dugu eta. Izan gaitezen guztiok inoiz baino euskaldunago. Bizi gaitezen euskaraz, hitz egin dezagun euskaraz. Erasoekin euskara indartzea besterik ez baitute lortzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun