Azaroak 25

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean «gizarteko gaitza» salatu dute Malerrekan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 26a, 14:46

«Oraindik ere milaka emakume indarkeria matxistaren biktima» direla salatu dute Donezteben azaroaren 25ean egin duten elkarretaratzean eta horrekin batera, «ondorio larrienetara» ailegatu gabe, «egunerokotasunean ia oharkabe pasatzen diren eta normaltasunez ikusten diren hainbat aztarna» badirela ohartarazi dute. Horregatik «aski dela ozen» erran dute, eta argi adierazi dute: «hau ez dela soilik emakumezkoen ardura, gizartea osatzen dugun guztion ardura da eta gizonezkoak ere egoera honen erantzule dira».

 

Naiara Aizpuru Malerrekako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetan praktikak egiten ari den donamariarrak eta Ernesto Dominguez Zubietako alkate eta Doneztebeko eskolako irakasleak hartu zuten astelehen eguerdian egindako elkarretaratzean hitza, eta indarkeria matxista «gizarte gaitza» dela aipatu zuten. Aizpuruk «gure gizartean hainbat gizonezkok bere burua emakumeen gainetik ikusten dutela eta beren nagusitasuna erakusteko asmoz indarkeria fisikoa, psikikoa, sexuala eta kontrola» erabiltzen dutela salatu zuen. Datuak ere aipatu zituen: «2003tik estatuan 860 emakumezko hil dira indarkeria matxistaren ondorioz eta aurten dagoeneko 51 hil dira bikotekide edo bikotekide ohien eskuetan».

Egunerokoan ohartu gabe pasatzen diren indarkeria matxistaren aztarnez ere aritu zen donamariarra: «sare sozialen eta mugikorraren kontrola, irainak, mrespretxuak, xantaiak, txisteak, ukitzeak, esaldi eginak...». Horiei guztiei aski erran nahi izan zien: «nire gorputza nirea da eta nik aukeratzen dut nork ukitu. Etxerako bidean ez dut ausarta izan nahi, libre izan nahi dut. Gure biziaren kontrola gurea da eta gure biziak gizonezkoenak bezainbertze balio du».

Dominguezek, bere aldetik, arazoa ez dela soilik emakumezkoena adierazi zuen: «gizartea osatzen dugun guztion ardura da eta gizonezkoak ere egoeraren erantzule gara». Horren adierazle adibide batzuk aipatu zituen: «non gaude gizonezko batek emakume bati ipurdia ukitu diola salatzeko? Non gaude kalea guztiona dena oihukatu behar denean? Non gaude emakume bat kontrolatzen duen gizonezko bati kargu hartzeko? Non gaude janzteko moduagatik emakumeak iraintzen dituzten gizonezkoei kargu hartzeko? Zer egiten duzu emakumeen kontrako indarkeriaren aurka?». Horregatik, honela adierazi zuen Dominguezek: «bada garaia begiak eta ahoak ireki eta pausoak aurrera emateko, ardura gizonezkoona ere badelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun