Irungo Ametsa Txiki eta Mendi Ttiki abesbatzek kontzertua eskainiko dute azaroaren 22an Donezteben

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 21a, 07:30
Irungo Ametsa Txiki abesbatzak (argazkian) Doneztebeko Mendi Ttikirekin batera kantatuko du ortzirale arratsaldean.

Ortziralean 20:00etan elizan hasiko dute emanaldia

Azaroaren 22a egun berezia da musikari guzientzat, izan ere, horixe baita beren zaindariaren eguna: Xexili edo Santa Zezilia eguna, alegia.  Eta data hori modu ezin aproposagoan ospatuko dute Donezteben, Irungo Ametsa Txiki eta herriko Mendi Ttiki abesbatzek kontzertua eskainiz.

Kontzertuan era guztietako doinuak kantatuko dituzte: hasi euskal doinu ederrenetatik eta Ameriketa aldetik datozkigun kanta bizi eta jostakinetara. Guzia eliza beteko duten 60 neska-mutiko ingururen ahotsetan.

Etxekoen Zuzendariak Itziar Irigoien eta Ruth Etxebeste izanen dira; Irungoena aldiz, Leticia Vergara.  Hitzordua Doneztebeko San Pedro Parrokian izanen da, ortziralean 20:00tan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun