Kamioi-gidari bat geldiarazi dute Donezteben alkohol eta droga probetan positibo eman duelako

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 14a, 16:28
Lau drogetan positibo eman zuen eta alkohol-tasa hirukoiztu.

Foruzainek kamioi-gidari bat geldiarazi zuten atzo, N121A errepidean, Doneztebe parean. Gidariak, 55 urteko soriarra,  bai droga baita alkohol proban ere positibo eman zuen. Arau urratze larriak egotzi zizkioten: batetik, lau drogetan positibo eman zuelako (marihuana, kokaina, anfetamina eta metanfetamina); bertzetik, alkohol tasa hirukoiztu zuelako; eta azkenik, marihuana eta haxixa zeramalako.

Foruzainek kamioi-gidaria geldiarazi zutenean, jarrera susmagarria antzeman zioten eta gidariak foruzainei atea irekitzea galarazi zion. Hortaz, alkohol eta droga probak egitea erabaki zuten. Arau urratze horiek tarteko, 1.000 euroko isuna ordaindu beharko du eta gidabaimeneko 12 puntu kendu dizkiote. Horrez gain, marihuana eta haxixa harrapatu ziotenez, 900 euro gehiago ordaindu beharko ditu.

Horregatik guztiagatik, foruzainek Frantziaruntz zihoan eta 40 tona pellet zeramatzan kamioia geldiarazi zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun