Binakako erremonte txapelketak banaka ere emanen ditu puntuak

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 13a, 14:00
Binakako erremonte txapellketan parte hartuko duten pilotariak, aurkezpenean. Urriza eta Uterga falta dira.

Bortz bikote ariko dira lehian eta eskualdeko hiru erremontelari izanen dira: Uterga, Endika eta Juanenea

Aldaketak izanen ditu azaroaren 14an hasi eta abenduaren 28ra jokatuko den erremonteko Binakako Txapelketak. Lehenik, bortz bikote ariko dira, iaz baino bat guttiago: Xanti Uterga doneztebarra eta Azpiroz —iazko txapeldunak—, Urriza eta Larrañaga, Matxin III.a eta Endika Urrutia saldiastarra, Ansa II.a eta Ion eta Aritz Juanenea saldiastarra eta Barrenetxea IV.a.

Bertzetik, aldatu egin dute puntuazio sistema. Orain arte egin bezala, partida bakoitzeko bikote irabazleak lau puntu jasoko ditu, eta galtzaileak, egindako tantoen araberakoak. Baina, aurten, banakako lana ere hartuko dute kontuan. Honela, neurketa batean tanto gehien egiten duten aurrelariek eta atzelariek bertze lau puntu jasoko dituzte, eta bertze biek, bi. Hamar partidatan banaka eta binaka lortutako puntuak batuko dituzte, eta gehien dituzten hiru aurrelari eta atzelariak sailkatuko dira finalerdietako ligaxkarako. Ligaxka abenduaren 12an, 14an eta 21ean jokatuko dute, eta bikoteak sailkapenaren arabera osatuko dituzte. Galarretan jokatuko dituzte partida guztiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun