Euripean baina giro betean ibili dira Aurtitzen

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 12a, 08:00

Azaroaren 8tik 11ra besta giroan murgildu dira aurtiztarrak. Ortzirale eguerdian lehertu zen bestei hasiera eman zion txupinazoa eta segidan trikitilari eta txistulariak herrian barna ibili ziren. Eguerdian pilota partidak jokatu zituzten.

Bertsolariak lagun, mahai inguruan bildu ziren segidan. Arratsaldea oharkabean pasa zitzaien herritarrei. Ondotik, Beñat eta Fernando musikarien erritmoan dantzan aritzeko aukera izan zuten.

Larunbatean, 10:00etan argisoinuek mugiarazi zituzten herritarrak. Gaztetxoen arteko pilota partidak ikusi zituzten lehendabizi. Arratsaldean, trikitixa eta pandero hotsek eman zioten segida bestari. Indarrak berrartzeko merienda egin zuten eta 19:00etan Tuku Tuku txaranga lagun, pintxo-potean ibili ziren. 21:00etan afarian bildu ziren eta kantu zaharrak kantatuz ibili ziren. Gero, Kupela taldeak hartu zuen lekukoa.

Igande goizean haurrei aurpegiak margotuz hasi zuten goiza. Eguerdian motozerra erakusketaz gozatu zuten eta egindako lanak zozketatu zituzten. Arratsaldean dantzariek emanaldia eskaini zuten eta dantza gosez gelditu ziren Tajudos del Norte mexikar taldearen erritmora dantzatzeko aukera izanen dute.

Atzo, astelehenean, akitu zituzten bestak. Meza, aizkora apustua, mus txapelketa, patata tortilla eta postre lehiaketa izan zituzten. Mokadutxoak janez eta trikitixa doinuen oihartzuna lagun, akitu zituzten bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun