«Jostunon lana ez da behar adina estimatzen»

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 10a, 12:00
Blanca Bañares, Doneztebeko jostuna.

Blanca BAÑARES CIGANDA Doneztebeko jostuna

Noiz ikasi zenuen josten?
48 urte nituela hasi nintzen ikasten. Iruñera joan nintzen, hiru urtez –astean bitan bi orduz–  akademia batera. 

Nolatan eman zenuen izena?
Betitik afizioa izan dut eta egunkarian iragarki bat ikusi nuenean animatu egin nintzen. 

Ezpelura emakume taldeak antolatzen dituen joskintza tailerretako irakasle zara. Noiztik?
Tailer hauek eskaintzen borzgarren urtea dut.

Taldeko kide al zara? 
Ez, gaur egun ez. Aspaldian, sorrera hartan, hiru urte inguruz izan nintzen. Baina nire lanetik kanpo, etxean eta joste-lanak egiten nituen eta taldekideek ezagutzen ninduten, baita nik haiek ere.  

Zenbat kide zineten tailerretan hasiera hartan eta zenbat egun?
Gehienez hamar lagun hartzen ditut. Urteren batean bi talde egin genituen, jende asko zegoelako. Aurten 32-70 urte arteko hamar lagun gaude: Iturengoak, Sunbillakoak, Mugairikoak, Legasakoak, Elgorriagakoak... Batzuek lau urte daramatzate nirekin, bertzeak hasiberriak dira. Gure arteko harremana hagitz ona da.

Non eta noiz biltzen zarete?
Astelehenetan 14:50etik 16:30era, Azkarreta etxean. 

Zein motatako lanak egiten dituzue?
Norberak bere erritmoa du eta bakoitzak aukeratzen du zer egin: kortinak, kuxinak, jantziak... Neurrira egin nahi dutenei patroiak egiten erakusteko denborarik ez dagoenez, nerorrek egiten dizkiet eta azalpenak emanez, nahi dutena egiten dute. 

Zer behar da parte hartzeko?
Gogoa eta arropa, orratza eta haria nahikoak dira. Normalean norberak bere makina ekartzen du baina hemen ere izaten dugu...  

Zein da jostun ona izateko sekretua?
Pazientzia eta gustuko izatea.

Nola ikusten duzu joskintzaren etorkizuna?
Gaizki. Batetik, gaur egun gazte gutxiri gustatzen zaio jostea; eta bestetik, egindako lana ez da ez estimatzen, ezta behar bertze ordaintzen ere.

Joskintza ez den afiziorik baduzu?
Kantatzea. Herriko abesbatzako kide naiz, sorreratik. Aurten  25 urte egin dituenez, ospakizun urtea izanen dugu eta ekitaldiak izanen ditugu.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun