Doneztebeko ur depositu berria urte hasieran akitzea aurreikusi dute

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 6a, 12:00

Doneztebeko ur-deposituaren lanak urte akabailarako akitzea espero dute.

365.000 euroko aurrekontua duten lanak egiteko Tokiko Inbertsioen Planetik dirulaguntza hartuko du Udalak

Uraren depositu berria eraikitzeko lanak aitzinera doaz Donezteben. 2017-2019 denboraldirako Tokiko Inbertsioen Planetik hartutako dirulaguntzari esker, Udalak 364.829,30 euroko inbertsioa eginen du deposituan eta gisa honetara, funtzionamendu hobea eta uraren kudeaketaren kontrol egokia bermatu nahi ditu.

Orain arteko deposituaren ondoan ari dira berria egiten, pixka bat gorago, eta Mariezkurrena eraikuntza-enpresa ari da arduratzen. Eguraldiak laguntzen badu, depositua heldu den urte hasieran akitua izatea espero du Udalak. 

Mendaur Plana onartu zutenetik, Iturenen dagoen biltegitik hodi bitartez herriko depositura ura ekarrita hornitu izan dira herritarren ur- beharrak. Azken urteotan, ordea, lur mugimenduaren ondorioz, biltegia hondatua gelditua zen. Arraildura bat tarteko depositua ezin da goraino bete.

Bertzetik, Udalak joan den urtera arte uraren banaketa sarean zeuden ihesak moldatu zituenetik ur-jario horiek erdira murriztu ahal izan dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun