Besta giroa izanen dute azaroaren 8tik 11ra Aurtitzen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko aza. 7a, 07:30
Igande arratsaldean ariko dira dantzariak.

Ortziralean herri-bazkaria izanen dute eta larunbat gauean Kupela taldeak girotuko du plaza bazterra

Lau egunez, azaroaren 8tik 11ra, hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izanen dute herritar eta bisitariek Aurtitzen. Ortzirale eguerdian lehertuko den etxafuegoak emanen die hasiera bestei eta patata tortilla eta postre dastaketarekin goxatuko dute besta bukaerak utzitako zaporea.

AZAROAK 8, ORTZIRALEA

12:00etan txupinazoa bota bezain laster, herriko trikitilari eta txistulariak karrikaz karrika ibiliko dira. 13:00etan pilota partidak izanen dira. Elizaldek, Eskuderorekin bikote eginda, Bereau eta Olaizola III.aren aurka jokatuko du. Pilota hotsen bukaerarekin, mahairantz abiatuko dira herritarrak. Izan ere, 14:00etan, Lizaso eta Egañak girotutako bertso-bazkaria izanen dute. Beñat eta Fernando musikariek bazkalondoa girotu bitartean, haurrek jolasak izanen dituzte. Arratsaldea biharamunera arte luzatzeko aukerarik ez dute faltako.

AZAROAK 9, LARUNBATA

10:00etan argi-soinuek ernarazitako herritarrek 12:00etan gaztetxoen arteko pilota partidak ikusteko aukera izanen dute. Goizueta eta Ezkurrak Leiza eta Mariezkurrena izanen dituzte aurrez aurre. 17:00etan Mendaur trikitixa eskolakoek emanaldi gustagarria eskainiko dute. Segidan, indarrak berritzeko, merienda eginen dute. 19:00etan, Tuku Tuku txaranga lagun, pintxo-poteoan ibili ondotik, afaria eginen dute. 21:00etan dute hitzordua eta afalondoan kantu zaharrak kantatuko dituzte. 00:30ean Kupela taldearen eskutik, dantzaldian bilduko dira.

AZAROAK 10, IGANDEA

10:00etan argi-soinuek hautsiko dute goizeko isiltasuna. Goiz erdian, 11:30 aldera, haurrek aurpegiak margotzeko aukera izanen dute. 12:00etan Mikel Lasartek motozerra erakustaldia eskainiko du eta egindako eskulturak zozketatuko dituzte. 17:30ean Iturengo dantzarien txanda izanen da. Dantza gosez gelditzen direnek Tajudos del Norte mexikar taldearen erritmora dantzatzeko aukera izanen dute.

AZAROAK 11, ASTELEHENA

Eguneroko argi-soinuekin hasiko dute eguna. 11:30ean mezan bilduko dira. Mezondoan, aizkora apustua izanen da. Arratsaldean, bestak borobiltzeko, txapelketak izanen dituzte. Muslarien txanda izanen da lehendabizi. Izan ere, 15:00etan hasiko dira karta-jokoan. Ilunabarrean, berriz, sukaldariak izanen dira protagonista. Patata tortilla eta postre gozoenak sarituko dituzte. Mokadutxoak janez, eta trikitixa doinuen oihartzuna lagun dutela, akituko dituzte bestak.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun