Kontzertua, ipuinen txokoa eta zinema
Azaroaren 3an, igandean, Vocal Group Era abesbatza letoniarraren kontzertua izanen dute, elizan, 19:00etan. Urriaren 8an abiatutako ipuinen txokoak ere azaroan segida izanen du. Hilaren 5ean, 12an, 19an eta 26an, 11:00etan liburutegian bilduko dira, Haizea Loiraren eskutik. Tartean, hilaren 10ean eta 24an guraso elkarteak eta Gazte Burrunbak antolatutako zinema emanaldiak izanen dituzte.
Margaret Atwood idazleari buruzko hitzaldia
Azaroaren 8an, ortziralean, Margaret Atwood idazleari buruz solas egiteko bilduko dira liburutegian. Josune Muñoz euskal filologo eta literatura feministaren alorreko kritikariak eskainiko du hitzaldia, 18:00etatik 21:00etara.
Udazken feria
Ohiko hitzorduek ez dute hutsik eginen. Azaroaren 15eko udazken feriaren bueltan, aizkora apustua izanen dute eta, aurten ere, lila puntua paratuko dute. Biharamunean, azaroaren 16an, Niretik emanaldia izanen dute. Andoni Egañak bere bizitzari lotutako bertsoak kantatuko ditu, Jon Ostolaza soinujolearen laguntzaz.
Euskaraldiaren aurkezpena
Ekitaldiek ez dute etenik izanen. Azaroaren 21ean, ortzegunean, Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztuko dute. 19:00etan bilduko dira Mankomunitatearen egoitzan.