«Inguruan motorzaletasuna zabaltzeko asmoz hasi ginen rallya antolatzen»

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 1a, 09:00
Unai Apezetxea doneztebarra.

Unai APEZETXEA IRIBARREN Doneztebeko gaztea

Egunerokoan sukaldari-lanean aritzen den doneztebar gaztea da Unai Apezetxea Iribarren. Urrian eta azaroan, ordea, sukaldetik ateratzeko tartetxoak hartzen saiatzen da, mendira joateko: «ehiza tenorea izaten dugu». Asteburuetan, berriz, hamaika plan izaten ditu: «lana, juerga edo rallyak ikusi… batzuetan ez naiz denera ailegatzen».

Maite du motor mundua, gustuko ditu rallyak eta nahiz eta bera horretan ez ibili, lehenbiziko pausoak ematen hasia da: «hurbileko jendea mundu horretan sartua ikusteak inbidia eragiten du. Zaletasun hau, ordea, ez da merkea… ahal denarekin hasi behar da, eta nire kasuan, slalometan hasi naiz, carcross batekin».

Slalometik rallyra

Ez dago gustuko duzuna hurbil izatea bezalakorik, eta horretarako lanean aritu da Apezetxea: «ideia bertsua genuen hiru lagun bildu ginen herrian bertan motorrarekiko zaletasuna zabaltzeko. 2017ko bestetan lehendabiziko slaloma antolatu genuen eta urte horretan berean rallya egin genuen. Bilerak egin, eta ongi antolatzen saiatzen gara. Hiruretako batek paper kontuak kudeatzen ditu eta lan handia egiten du».

«Hurrengo urtean ahalik eta lasterketa gehienetan parte hartu ahal izateko prestatu nahi nuke»

Ikusiz gozatu

Azaroaren 10ean, hirugarren edizioa izanen dute. Aitzineko bi urteetan «40 parte-hartzaile izan ziren. Lehenbiziko urteak izateko gu hagitz kontent gaude». Doneztebar gazteak ikusle bezala bizi du eguna. Dena dela, parte-hartzaileek bezainbertze gozatzen du: «egun osoan mugimendua izaten da herrian, Bordatxoko aparkalekua eta herriko karrikak kotxez betetzen dira eta rallyaren ondotik, eliz atarian, berriz ere kotxe guztiak biltzen dira, sari banaketarako».

Ikusleei deia

Ikusgarritasuna nabarmendu du eta hori da aurtengoan duten erronka: «ikusle aunitz etortzea nahi dugu baina ez da erraza… Aitzineko bi urteetan euria egin du eta horrek aunitz baldintzatzen du. Ea aurten hobea dugun eta jendea animatzen den!».

Ikusi eta ikasi. Horixe da orain doneztebar gazteak duen asmoa, «hurrengo urtean ahalik eta lasterketa gehienetan parte hartu ahal izateko». Trebe ibiltzeko, ordea, «pestaketa handia eta ordu aunitz» behar dira eta «horretarako denbora hartzea da zailena». Denbora eskasia tarteko, «noizbait rallyetan hasteko aukera izatearekin» konformatzen da Apezetxea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun