Elgorriagako errota zaharreko presa botatzea albiste ona dela uste dute Eguzkik eta Ríos con Vida taldeek

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 29a, 08:30
Elgorriagako errota zaharreko presa botatzen hasiak dira. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Gune horretan presa desmuntagarri txikiago bat jarriko dute, udan bainurako putzu bat sortzea ahalbideratuko duena

Nafarroako Gobernua Elgorriagako errota zaharreko presa botatzen hasi da eta hori, Eguzki eta Rios con Vida taldeen iritziz, «oso albiste ona da».

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak bidalitako oharraren arabera, «presa aspaldi-aspalditik zegoen abandonatuta. Orain dela hamar bat urte eraiki zuten arrain-eskalak, berriz, ez du inoiz behar bezala funtzionatu. Gauzak horrela, presa oztopo gaindiezina izan da izokina eta beste arrain espezie batzuk Ezkurra errekan gora eta behera ibiltzeko».

Kontuan izan behar da Ezkurra Bidasoaren adarretako bat dela, eta, hain justu, izokina dela arrazoi nagusietako bat Bidasoa Natura 2000 Sarearen parte izateko, bertze hainbat natura balioekin batera, jakina.

Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barreneko oztopoak kentzea (are gehiago aspalditik funtziorik ez dutenean, kasu honetan bezala) ibaiak hobetze-bidean helburu nagusietakoak dira.

Elgorriagako errota zaharreko presa bota ondoren, aisialdirako gune bat egokituko dute ibai ertzean. Gune horretan presa txikiago bat jarriko dute, desmuntagarria. Presa horrek ekain eta irail bitartean bainuetarako baltsa edo putzu bat sortzea ahalbidetuko du. Eguzki taldeak dioenez, «egia erran, presa berri horrek, desmuntagarria izango den arren, errezeloak sortzen dizkigu eta adi egotera behartuko gaitu. Nolanahi ere, berriro diogu: presa zaharra botatzea oso albiste ona da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun