Teijido-Sagarmendi eta Centeno-Lizasok eraman dituzte txapeldun handi ugari bildu dituen Basauri-Bilbondo sari nagusiko txapelak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 14a, 18:00

Asier Navaridas sunbildarra txapeldunorde izan da

 

Baliabide eta prestaketarekin, Kipchogek marka gehienak mentalak direla erakutsi duen asteburu honetan, agerian geratu da, halaber, edozein kirol ikuskizunen gakoetako bat ikusleari zirrarak transmititzea dela. Eta parafernalia askoz gutxiagorekin, Basauriko San Miguel pilotalekuan aritutako zortzi protagonistek, euren sakrifizio, kalitate, urduritasun eta mugekin, benetako txapeldunak direla erakutsi dute, lehen mailako pilota jaialdi bat eskainiz. 

Iker Teijido-Eneko Sagarmendik, adimen-urritasuna duten pertsonen kategorian, eta Jose Centeno-Beñat Lizasok, desgaitasun fisikoa dutenenean, Basauri-Bilbondo lehen Sari Nagusiko txapelak eskuratu zituzten, Ibai Magdaleno-Jurdan Arakistainek eta Gorka Sanchez-Asier Navaridasek bertzetxapeldun handi batzuk direla frogatu dute, goi mailako jaialdian.

Izan ere, harmailetan publiko asko zela, Basaurin jokatutako bi partidak pilotazale zorrotzenak asebetetzeko modukoak izan dira, zirrara eta tentsioa hari gidari gisa hartuta, eta ahalegina eta ikuskizuna lehen mailako osagarri gisa.

Markagailuan etengabeko gorabeherekin, bi partidak 25-23 bukatu dira irabazleentzat. Bizkaian jokatu den gisa honetako lehen torneoan, presioak, urduritasunak, harmailetan  zegoen jendetzak eta telebista kamerek pilotariak zertxobait lotu zituzten, baina kantxa gainean finkatu ziren eran, eurenahalmen guztia erakutsi zuten lehen mailako erakusleiho batean. Kirol hau publiko handiarengana hurbiltzeko balio behar duen leiho  bat, baina baita antzeko egoera batean egon daitezkeen pertsonak frontoietara bere kirol gustukoena praktikatzera gerturatzeko ere, inolako bazterketarik gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun