110 lagun inguru bildu dira Euskararen Eguneko kantu-bazkarian

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 14a, 07:15

Baserritar jantziak soinean, hamaika ekitaldiz gozatu dute asteburuan zubietar eta bisitariek. Ostiralean, urteroko ohiturari eutsiz, pintxo lehiaketa eta mus txapelketa izan zituzten. Herritarrek mikro-ipuin eta ilustrazio lehiaketara aurkeztutako lanak eta Ameli ipuin-kontalariaren istorioak atseginez aditu zituzten. Argazkiak: Izaskun Zubialde.

 

Yolanda Salabururen pintxoa izan zen epaimahaikideek saritutakoa eta Fermin Etxekolonearenak lortu zuen bigarren postua. Musean Leire Mariezkurrena eta Pili Telletxea izan ziren garaile. Gauean Hor dun koxka! taldearen eskutik, dantzan aritzeko aukera izan zuten.

Larunbatean, goiz-goizetik artisauek mimoz landutako lanak ezagutzera emateko aukera izan zuten. Urdaiazpiko eta gaztaren pisua asmatzeko apustu eginez, guraso elkarteak prestatutako gutiziak dastatuz edo taloa eskuartean zutela, goiz ederra pasa zuten guztiek. Eguerdian plaza inguruan jendetza bildu zen eta Kukai dantza-taldeak eskainitako emanaldiaz gozatu zuten. Joaldunek harrera ederra egin zieten. Txaloek hautsi zuten emanaldia eskaini bitartean ikusleen artean lortutako isiltasun gozagarria.

Azpeitiko trikitilari eta pandero-joleak lagun, mahai-inguruan 110 lagun inguru bildu ziren. Batzuk mahaiaren bueltan ziren bitartean, besteek Pontx pailazoaren ikuskizunaz gozatu zuten. Ondotik, meriendan bildu ziren. Herrian barna zebiltzala, euria hasi bazuen ere, festa-gogoa bizi-bizi eutsi zuten. Elektrotxaranga estalpera lekualdatu zuten eta emanaldia akitu orduko, ateri zegoen giroa.

Ilunabarrean, urdaiazpiko eta gazta lehiaketako irabazleak jakinarazi ziren. Lekeitioko Nahiarentzat izan zen urdaiazpikoa; Seroineko Mari Joserentzat gazta. Zozketa-txartel sarituak ere aditzera eman ziren. 0682 zenbakiari egokitu zitzaion zarea; 0105ari Iturengo Herriko Ostatuko otordua; 0677ari Elgorriagako bainuetxeko zirkuitua eta otordua; eta 0557ari MP4a. Lizarrara joan zen lehendabiziko saria eta Arantxa Diezentzat izan zen bigarrena. Hondarreko biak ez dira agertu eta 15 eguneko epea izanen dute jakinarazteko.

Goizeko ordu ttikiak arte musikak ez zuen etenaldirik izan. La Jodedera taldearen kontzertuaren ondotik, Oharkaberen emanaldia izan zen. Guztien artean giroa paregabea izatea lortu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun