Onddo eta Zizen kofrade egin dute Julian Iantzi Elgorriagan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 7a, 09:24

Lesakako aurkezlearekin batera, Luis Mokoroa Donostiako San Sebastian eguneko artilleroa; Susana Erroz kazetaria; Maritxu Usandizaga Kofradien Federazioko sustatzailea eta Josep Juanico Bou margolaria izendatu dituzte kofrade

 

Aurten hogeita seigarren edizioa bete du Nafarroako Onddo eta Zizen Egun handiak Elgorriagan, Onddo eta Zizen Kofradiak antolatua. Aurtengoan, Donostiako Kofradia Gastronomikako presidente eta urtetan San Sebastian eguneko kanoia piztu duen Luis Mokoroa; Julian Iantzi telebista aurkezle lesakarra; Elzaburuko Susana Erroz kazetaria, ETB2ko ‘Navarra Directo’ saioaren aurkezlea; Kofradia Gastronomikoen Federazioko sustatzaile izan zen Donibane Lohizuneko Maritxu Usandizaga (27 gastronomia-libururen egile den Juan Jose Lapitz ezagunaren alarguna) eta Josep Juanico Bou Bartzelonako margolaria izendatu dituzte Onddo eta Zizen Kofradiako kide.

Igande goizean, kofradien kalejira eta ibilaldia egin zuten kofradiako kide berriek bainuetxetik herriraino, Zubietako joaldunen laguntzarekin eta eskoziar jantziekin apainduta ageri ziren Irungo Anaka Kofradiako musika bandarekin. Mezan Liguori abesbatzak kantatu zuen eta meza ondoan, Julian Iantzik berak aurkezten duen ‘Ahotsak’ saiora gonbidatu zituen datorren denboraldirako.

Kofrade berriak izendatu baino lehen, minutuko isilunea egin zen, Pepe Elizalde ohorezko kofrade zenaren omenez.

Ondotik kofrade berrien izendapena egin zen. Zubietako joaldunak eta Anaka musika bandakoak karrikaz karrika ibili. Eguerdian, kofradien eta gonbidatuen artean ohiko onddo kaxuela lehiaketa egin zen frontoian, Juanito Mariezkurrena zenaren omenez. Ondotik, sarien zozketa egin zen, baita onddo eta Nafarroako produktuen dastaketa ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun